Zubietako eskola handitzeko lanak presazkoak direla gogoratu dio udalak Jaurlaritzari
Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio Zubietako eskola handitzeko udal laguntzak onartzea presazkoa dela
Donostiako eta Usurbilgo udalek Zubietako eskola handitzeari bide emango dion hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horrek ezartzen ditu eskola handitzeko proiektuak bere baitan jasotzen dituen lanak egiteko jarraitu beharreko urratsak. Horren arabera, Donostiako Udalak emango ditu behar diren baimenak, eta lanak egiteko behar den dirua bere aurrekontuetan aurrikusiko du. Bere aldetik, Usurbilgo Udalak lanak gauzatu ahal izateko berari dagokion baimena emango du, eskolaren zati bat Usurbilgo lurretan dagoelako.
Donostiako eta Usurbilgo udalak eskola handitzeko lanen inguruko adostasuna erdietsi eta gero, lan horiek egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzak dagokion gastuaren onarpena eman beharko du. Gastu hori udal laguntzak programaren barruan kokatuko litzateke eta, horren arabera, lanen kostuaren %60 Hezkuntza Sailaren menpe geratuko litzateke eta udalak jarri beharrekoa %40 lizateke.
Donostiako Udaleko Hezkuntza zinegotzi Naiara Sampedrok Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio “presazkoa dela ebaztea zeintzuk izango diren udal laguntzak jasoko dituzten egitasmoak, urrats horrek Zubietako eskolaren handitzea baldintzatzen duelako. Azpimarratu behar da eskola horrek eskaintzen duen zerbitzua txarra dela, eraikitako espazioa urria delako eta gabezia hori kalitate eskaseko eraikin prefabrikatuekin bete delako”.
Sampedrok kritikatu egin du udal laguntzen onarpena, aurten ere, atzeratzen ari dela. “Iaz hamaika hilabeteko atzerapenarekin iritsi ziren eta, aurten, maiatzean ez dugu oraindik ere onarpenik jaso. Horrek esan nahi du martxa honetan udan ezin izango direla lanak hasi”.
Zubietako eskola handitzeko lanez gain, Donostiako Udalak ondokoak proposatu ditu udal laguntzen barruan: Altzako eskolako kanpoko ataria estaltzeko proiektua, Katalina Erausoko leihoak aldatzeko lanak, Amara Berri Urbietan sarrera irisgarria izateko arrapala, Amara Berri Salaberriako gune batzuk irazgaiztea eta Jakintzako estalpeko gune batzuk irazgaiztea. Lan horien guztien kostua 809.000 eurokoa izango litzateke; horietatik 622.000 Eusko Jaurlaritzak jarri beharko lituzke eta 323.000 udalaren funtsen menpe geratuko lirateke.