Herritarrentzat behar dute izan
Festen antolakuntzan murgilduta diren lau eragilek Jai herrikoiei buruz hitz egin dute ; Piratek Kaia aldarrikatu dute jarduerak egiteko espazio gisa, eta erakundeekin biltzeko beharra aipatu dute.
Alternatiben Herrixkaren Egunaren barruan, Antigua auzoan.
Hain zuzen ere, Matia kalea hartu zuten asteburuan; kalea moztu, eta bere egin zuten oinezkoek, egun osoko festa antolatzeko asmoz. Horrela, egun guztian zehar ehundaka lagun bildu ziren bertan zabaldutako postu, saltoki, azoka, jolastoki eta hitzaldietan. Solasaldi horietako batean jaien iraunkortasunaz mintzatu ziren, Matia kalean bertan, errepidearen erdian.
Kalea eszenatoki hartuta, pare bat sofa eta hainbat gurpil atrezzo moduan erabilita, Donostiako Piratak mugimenduko Aingura kofradiako Nahiko Arraiza, Euskal Herria Zuzenean jaialdiko Pauline Guelle eta Amaia Boloquy, Bilboko Eguzkizale Konpartsako Gorka Zozoia eta Gora Iruñea! taldeko Arkaitz Otazuk ordu eta erdiz eztabaidatu zuten jai herrikoien inguruan, Piraten mugimenduko kide Sheila Padronesen gidaritzapean.
Pixkanaka, kalean bueltaka zebiltzan entzuleak hurbiltzen joan ziren heinean hasi zen eztabaida. Padronesek aireratu zuen galdera nagusia: “jaiak eraldatzeko zer proposatzen du zuetako bakoitzak?”. Bost hizlariek beren esperientziaz hitz egin zuten, eta antolaketa ereduen inguruan hausnarketa egin zuten.
Donostiako kasuan, iaztik kezka sorrarazi duen arazo bat aipatu zuten; Kaiaren erabilera. Beste ordezkariek ez bezala, Piratek beren jarduerak antolatzeko aukeratutako espazioekin arazoak izan dituzte, Kaia erabiltzeko orduan batez ere, gune hori ez baitu udalak kudeatzen, Eusko Jaurlaritzak baizik. Arraizak gogora ekarri zuen iaz Eusko Jaurlaritzak arazoak jarri zizkiela, garbitasuna zela eta, baina azkenean lortu zutela Kaia erabiltzea. Aurten oraindik ez diete konfirmatu espazio hori erabiltzeko arazorik izango duten edo ez, baina, Aingura kofradiako ordezkariaren esanetan, gune hori erabiltzen jarraitzeko asmoa daukate, eta ez dute beste eszenatokirik buruan: “Etorkizuneko borroka bertan izango dugu, eta ez dakigu hori noiz gertatuko den, baina espazio horien kudeaketaz mintzatu behar dugu erakundeekin”.
Arraizak argi utzi zuen kalea hartzea beharrezkoa dela jai herrikoiak antolatzeko, eta espazioa berreskuratzeko beharra aldarrikatu zuen: “Kaleak hartu behar ditugu, espazioa geureganatzea da garrantzisuena, horrek emango digulako gure baloreak indarrean jartzeko ahalmena”.
Espazioak definituta, antolaketa eredua izan zen eztabaidarako beste gaietako bat. Zozaiaren esanetan, finantzaketa bideak bilatzea ez da erraza, askotan diru iturriak lortzeko bideak ideiekin kontraesanean sartzen direlako: “Bilbon, konpartsen diru sarrerak geroz eta murritzagoak dira; hasiera batean ur botilak ez saltzeko proposatu genuen, baina horrek diru gutxiago lortzea ekartzen zuen; ez da erraza oreka aurkitzea”.
Coca-Colaren publizitatea erabiltzea edo kanpoko janaria banatzea ere, ideologiaren aurka doala aipatu zuen Eguzkizale konpartsako lagunak, eta askotan arbuiatzen dituzten bide berdinak erabiltzen direla adierazi zuen: “Kontraesana da; alkohola erabiltzen dugu gure festak girotzeko oinarri moduan”.
Kontraesanei aurre egiteko, produktu lokalen salmenta proposatu zuten Euskal Herria Zuzenean jaialdiko ordezkariek; bertako garagardo lokala sustatzea, esaterako. Guelleren esanetan, jaialdia antolatzerakoan argi dute bertako jaki eta edariak zerbitzatzea onura ekartzen diela: “Inguruko baratzetako jakiak eskaintzen ditugu, eta bertako garagardoak eta bestelako alkoholak dira jaialdiko produktu nagusiak. Horrela, dirua nori ematen ari garen kontrolatu dezakegu, aberasteko asmorik gabeko elkartrukeak lehenetsiz”.
“Jaiak, edo herrikoiak dira edo ez dira jaiak”; hitz horiekin, Aingura kofradiako kide Nahiko Arraizak hasiera eman zion Jaiak eta jasangarritasuna solasaldiari, joan den larunbatean antolatutako