Zinemaldiak bere eremua zabaldu du, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren irekierarekin; Zabaltegi eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa eskaini dituzte bertan
Bi emakume, Tabakalera barruan dagoen Zinemaldiko kartelaren aurrean. (Argazkia: L.Ferreira)
Zinemaldia mapa batean kokatu beharko bagenu, ziurrenik Kursaal inguruan egingo genuke. Aurten, baina, jaialdiak espazio berri bat estreinatu du, eta erdigune nagusiko mugak zabaldu ditu.
Izan ere, Zabaltegi saileko filmen lehendabiziko emanaldiak Tabakaleran eskaini dituzte. Honela, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa jaialdiaren egoitza ofiziala bihurtu da. Gainera, hemendik aurrera, Tabakalera Zabaltegiren egoitza izango da.
«Zinemaldirako ere prest egotea pribilegio bat izan da; eta, bide batez, Zabaltegiko leihoa hemen ireki dugu», adierazi du Tabakalerako Kultura zuzendari Ane Rodriguezek. Euren lan lerroa Zabaltegik eskaintzen duen ildo horretatik doala aitortu du: «Zinemari dagokionez, proposamen zabalagoak eta anitzagoak eskainiko ditugu».
Harrera ona
Zinema areto berriak orokorrean «oso harrera ona» izan duela esan du Kultura zuzendariak: «Eserlekuak oso erosoak direla esan digute; espazioa oso elegantea gelditu dela, beltz beltza; pantaila ere gustatu zaie… Eta nik uste dut osagai guzti horiekin jendea pozik dagoela».
Halaxe irten da areto berritik Azpeitiako Arantzazu Urbistondo, poz-pozik. Zinemaldia esperientzia bat da berarentzako, eta bere ingurukoekin bizitzea gustuko du: «Pelikularen arabera, aitarekin, lagunekin edo mutilarekin etortzen naiz».
Zinema aretoarekin batera, Tabakalera eraikina bera lehenengoz bisitatu du aste honetan, eta oso interesgarria iruditu zaio. «Aretoa oso ondo dago, eserlekuak oso erosoak dira, eta aretoaren tamaina ez da handiegia. Soinu aldetik eta pelikula bat ikusteko hau Kursaal edota Viktoria Eugenia baino egokiagoa ikusten dut», adierazi du Urbistondok. «Filma ikustera etorri naiz, baina azkenean aitzakia bat izan da Tabakalera ezagutzeko».
Ikusi duen filma, Francofonia, Tabakaleran eskaintzeko aproposa dela uste du azpeitiarrak: «Eraikinak harreman bat izan behar du ematen den proiekzioarekin, eta orain asmatu dute; artea eta historia lantzen du pelikulak eta gai horiek zerikusi handia dute Tabakalerako eraikinarekin».
Zinema areto berrian sartzeko ilara. (Argazkia: L.Ferreira)
Era berean, Tabakalerak Zabaltegiko filmak eskaintzea jendea «Zinemaldiko betiko inguruetatik aldentzeko modu bat» dela dio Urbistondok, «eta hori aukera polita da Egia eta Donostiarentzako».
Arantza Santesteban Iruñeakoa da, baina Grosen bizi da. Areto berria asko gustatu zaiola aitortu du: «Hirugarren aldia da hemen film bat ikusten dudana, eta gustura egon naiz. Hiriak behar duenerako tamaina egokia du».
Zinemaldiaren ikuspegitik, Tabakaleraren presentzia aberasgarria dela uste du Santestebanek. Jende andana datorrenez, beste espazio bat edukitzea ondo datorrela dio, «azkenean areto bat gehiago da». Hala ere, Egiari auzo bezala eragingo dion modua ez du argi ikusten: «Auzoko sistema kulturalak Tabakaleraren ondorioz sufrituko duen beldur naiz».
Jeannette Enara Diaz intxaurrondotarrak Zinemaldiaz gozatzeko ohitura du: «Pelikulak ikustea gustuko dut; eta ospetsuren bat ikusiz gero, harekin argazki bat ateratzen dut. Zinemaldiaren giroa da bereziki gustuko dudana».
Normalean Viktoria Eugenia eta Kursaal artean ibiltzen den arren, oraingo honetan inguru horretatik aldentzea erabaki du. «Ikusi nahi dudan pelikularen arabera mugitzen naiz, eta lehen batean pelikulagatik etorri naiz Tabakalerara; baina hemen egonda, eraikina bisitatu dut».
Familiaren lantoki ohia
Haizea Larrañaga iruindarraren familia Donostiakoa da, eta aitzaki horrekin etortzen da urtero Zinemaldira: «Amak asko gustuko du, eta biak etortzeko ohitura dugu. Gainera, nire familiak Tabakaleran egin zuen lan, eta eraikina gertutik ezagutzeko gogoa neukan».
Zinema areto berria «gertu» badago ere, pelikulak ikusteko aretoen aukera zabaltzea oso ideia ona iruditzen zaio Larrañagari: «Zinemaldia hiri osoan zehar presenteago egoteko modu bat da».
Nafarroatik ere Josu Berasategi etorri da Donostiara, bere arrebarekin batera. Urtero Zinemaldiko emanaldi batera, gutxienez, etortzen dira. Aurtengo aukera argi zuten: «Tabakalera ezagutzen ez genuenez, zinema areto berrian zeuden pelikuletako bat aukeratu genuen, nahita».
Aretoa erakargarria iruditu zaio Berasategiri: «Beharbada teknikoki eta akustika aldetik ez da bikainena, baina xarma puntu bat badu».
Kazetariak ere areto batetik bestera ibili dira egunotan, Zinemaldiak dituen sail desberdinetako pelikulak ikusten. Berriako Kultura saileko Gorka Erostarbe kazetariak Zabaltegi eta Perlak sailak jarraitu ditu bereziki. Tabakalera, beraz, lantoki izan duela esan daiteke.
Aretoko langile bat, ikusle bati bidea erakusten. (Argazkia: L.Ferreira)
«Zinemaldia hirian zehar zabaltzea oso ideia ona da. Kazetari bezala, ariketa pixka bat gehiago egin beharko dugu, baina gaizki ere ez zaigu etorriko. Gainera, Egiak ere badu azkenaldi honetan kultur loraldi moduko bat eta gune egokia izan daiteke kultur bilgune bihurtzeko», azaldu du Erostarbek.
Tabakalera bezalako eraikin erraldoi bat edozein kultur ekitaldiz betetzea oso ondo iruditzen zaio kazetariari, eta horixe dutela erronka nagusia azpimarratu du: «Daukaten espazio guzti hori edukiz janztea. Zinemaldia horretarako eta zentroari hasierako bultzada emateko tresna egokia izan da».
Gainera, Tabakalerak berak ezarritako bi helburuak lortzeko zinema aretoa amu egokia izan daitekeela uste du. Hau da, arte garaikidearen erakusleiho bat, baina, aldi berean, herritarrekin harremana mantentzen duen proiektu bat.
Ikasleen Topaketa
Zabaltegi saila ez ezik, Tabakalerak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa ere hartu du egunotan. Asteartean hasi eta gaur amaituko da mundu osoko zinema eskoletatik etorritako ikasleak bildu dituen topaketa.
Helburua ikasle gazteen sorkuntzak ezagutaraztea da, eta Tabakalera helburu horrekin bat dator. «Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro eta sorkuntza zentro bezala, talentu berriak bultzatu nahi ditugu», nabarmendu du Ane Rodriguezek.
Esperientzia honen bitartez, gainera, ikasleek zuzendari, ekoizle, banatzaile edota kritikariekin hitz egiteko aukera izan dute.
Jendetza bildu zen asteleheneko emanaldian. (Argazkia: L.Ferreira)
Gazteek aurkeztu dituzten film laburrak publikoak eta Zinemaldiko gonbidatuek ikusi dituzte, antolatu dituzten saio irekietan. Orotara, 35 herrialdetako 89 eskoletako 193 film laburrek hartu dute parte. Topaketaren baitan antolatutako lehiaketan, ordea, hamabost film lehiatu dira.
Programa osatzeko, hiru master class jaso dituzte. Lehenengoa Charlie Kaufman eta Duke Johnson iparramerikarrek eskaini dute; Perlak sailean Anomalista filma aurkeztera etorri dira. Bigarrena Jia Zhangke zuzendari txinatarrak eman du; bere filma, Mountains May Depart, Perlak sailean ere proiektatu dute.
Azkenik, João Salaviza zuzendari portuges gazteak bere film laburren aukera bat aurkeztu du, eta bere lehen filma zuzentzen izan duen esperientzia azaldu die ikasleei. Hain zuzen ere, Zabaltegin parte hartu duen Montanha pelikulari buruz aritu da.