Bisita gidatu berezian parte hartzeko aukera izango du nahi duen guztiak; Janen Ibilaldia izenburupean
Otilia Otxoa kolaboratzailea, Jon Urbieta Loiola kultur etxeko arduraduna, eta Alvaro E. Olaiz eta Sayuri Alvarado antolatzaileak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hirigile eta ekintzaile estatubatuar-kanadiar bat zen Jane Jacobs, eta bere omenez sortu zuten haren lagunek Janen Ibilaldia edo Jane’s Walk (ingelesez) izeneko mugimendua. Gogor kritikatu zituen Jacobsek hirien birmoldaketa prozesuak, 1960. hamarkadan, eta auzoetako arazoei aurre egiteko aproposenak bertako biztanleak zirela defendatu zuen. Bere omenezko bisiten bidez, hiria eta komunitateari buruzko istoriak jasotzen dituzte orain, eta bizilagunen arteko harremanak sortzeko bidea ematen dute. Donostian laugarren aldiz egingo dute Janen Ibilbideari dagokion bisita gidatua, eta Loiola eta Txomin Enea inguruan izango da aurtengoa, datorren larunbatean bertan, 9:30ean. Guztiaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur 2016 Gunean egin duten aurkezpenean, hainbat kidek: Otilia Otxoa kolaboratzailea, Jon Urbieta Loiola kultur etxeko arduraduna, eta Alvaro E. Olaiz eta Sayuri Alvarado
Impact Hub Donostiako kideak.
Jane hil eta urtebetera, 2007an, ibilaldiak antolatzeari ekin zioten haren lagunek, Toronton. Pixkanaka, ordea, ia mundu osora zabaldu da, eta egun 500 hiri baino gehiagotan egiten dituzte Janen omenezko ibilaldiak, maiatzeko lehenengo astean. Hiri-eremua aldarrikatuz, gidaliburuetatik kanpo geratzen diren tokiak ezagutaraztea dute helburu bisitek. Azken batean, auzoei bizitza ematen dioten pertsonak ezagutzea eta bazter ahaztuak ikustaraztea da ibilaldien filosofia. Iraganaz eztabaidatu, auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutu, biztanleen kezkak jasotzea da antolatzaileen nahia, eguneroko bizimoduaren eszenatokiak direlako. Izan ere, horregatik uste zuen Jacobsek hirien diseinua egunerokotasunean oinarritua egon behar zela. “New Yorken makroproiektu bat aurkeztu zuten bost erraileko autobide bat egiteko; Janek behetik gorako borroka bat hasi zuen, eta lanak geratzea lortu zuen. Era ilustratu batean borrokan hasi zen lehenengoetakoa izan zen”, azaldu du Olaizek.
Donostiara, duela lau urte iritsi zen Janen Ibilaldia ekimena; Madrileko esperientzia ezagutu zuen lagun baten bidez. Egian egin zuren lehen bisita 2012an, Parte Zaharrean 2013an, eta
Altzan iaz. “Hiria beste ikuspuntu batetik ezagutarazi nahi dugu, eta hortaz ikasi. Arkitektura aldaketek auzoari nola eragin dioten jakiten dugu, eta askok euren ateak zabaltzen dizkigute”, azaldu du Sayuri Alvaradok. Altzan, esaterako, Felix Lopez herreratarrak bere garajea zabaldu zien bisitariei, bertan gordetzen dituen auto zaharrak erakusteko, Chrysler bat, besteak beste. “Janen arkitekturaren ideiak bereziki hiri handietan ikusten dira islaturik; Donostian adibide txiki batzuk baino ez ditugu. Gainera, hamabi urtetan auzo guztiak bisitatuko ditugunez, ibilaldietarako ideia berriak sortu beharko ditugu”, gehitu du Olaizek.
Topoaren geltokitik Txominera
Impact Hub kolektiboa izan zen jardueraren bultzatzaile nagusia Donostian, baina beste hainbat norbanako boluntario batuz joan zaizkie. Aurtengoan, esaterako, Donostiako Lanbide Heziketa Eraikuntza Institutuak, Loiola kultur etxeak, Donostia 2016 Fundazioak eta Kristina Enea Fundazioak bultzatu dute. Hala, Loiolako bisitak ibaiarekin lotura zuzena izango duenez, Cristina Enearen
Hidrologikoak programaren barnean sartu dute.
Iaz Altzan egindako ibilaldian egon zen Jon Urbieta, Loiola kultur etxeko arduraduna, eta oso polita iruditu zitzaionez, hurrengo urtean Loiolara eramatea pentsatu zuen. “Altzan oso polita izan zen herritarrek beraiek parte hartu zutela euren bizipenak kontatuz”, azaldu du Urbietak. Larunbateko ibilaldian parte hartzeko, nahikoa izango da bertan azaltzea, eta batenbatek ezin badu hasierako ordurako iritsi edo lehenago joan behar badu, ez da inolako arazorik egongo. Hala, geldialdien gutxi gora-beherako ordutegi bat aipatu du Urbietak, hurbildu nahi dutenenetzat: “”9:30ean irtengo gara; Urkira 10:00ak aldera iritsiko gara eta kultur etxera 11:00etan”.
Aipatu bezala, topoaren geltokia izango da lehen geldialdia. Ondoren, Ur-Kirolakera joango dira, eta Lorategi Hiritik paseatuko dute (Ciudad Jardin). Aralar Mendia kaleko tabernaren batean hamaiketakoa egingo dute; eta jarraian, kultur etxean auzoaren historiaren parte diren argazki erakusketa bisitatuko dute, eta proiekzio batzuk ere ikusiko dituzte. Gero, auzoaren erdigunea eta Hariztigain bisitatuko dituzte. Bukatzeko, Txomin Eneako Kristobaldegi mojen komentura joango dira, eta azkenik, Txomin erretegian elkarrekin bazkalduko dute. Loiolako pertsonaien artean, auzoan bizitzen zazpi urte daramatzan Herbert artista ezagutuko dute, Artelekuri oso loturik dagoena.
Donostiako lehenengo bisitetan lagun gutxi izan ziren parte hartu zutenak; hamabost eta hogeita bost lagun artean. Iaz, ordea, Altzan 100 herritar inguru elkaru ziren, eta aurten ere arrakasta izatea espero dute.
HIDROLOGIKOAK 2015; EGITARAUA:
- Maiatzak 2, 9:30ean: Jane Jacobsen Ibilaldia. Irteera, Loiolako Euskotreneko geltoki paretik.
- Maiatzaren 4tik 15era (astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:30era): Hirian ibili. Jane Jacobs: Kale, espaloi eta plazen erabileraren balorea. Argazkiak eta ikus-entzunezkoak. Loiola kultur etxean.
- Maiatzak 7, 19:00etan: Jane Jacobs, vida y muerte del urbanismo. Loiola kultur etxean.
- Maiatzak 8, 20:00etan: Ni, Urumea dokumental-egitasmoari buruzko hitzaldia, Labrit Multimediako ordezkarien eskutik. Dokumental etnografiko honek ibaiaren bidean zehar testigantzak eta bizipenak jasoko ditu. Horien, bidez, ibaiari ageriko protagonismoa eman nahi diote.