Sagardo artifizialaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko urr. 22a, 12:03

Natural (adj.): izadiari dagokiona; izadiak, eta ez gizakiaren eskuak edota hezkuntzak, sortua. Definizioak argi eta garbi azaltzen du natural hitzak zer esan nahi duen. Hortaz, jaten edo edaten al dugu produktu naturalik? Sagardo naturalari txanda iritsi zaio Zientziaren Talaian.

Produktu naturalen kontuak eta natural/artifizial binomioak luze idazteko mamia du. Oraingoan, gai zailean sartzera noa, baina, egin behar nuen. Sagardo naturalari buruzko zenbait azalpen ematen saiatuko naiz eta naturala letra etzanez zergatik idazten dudan azalduko dizuet. Bide batez, esan behar dut artikulu honen jatorria Gillermo Roak Norteko Ferrokarrila irratsaioan esandako hitz argigarri hauetan dagoela (eta bere baimenarekin, laburtuta errepikatzen dizkizuet):

«Begi bistako kontu zentzudunak fantasiazko hitzekin ordezkatzen ditugu, eta kalte egiten digu (...). Ardo naturala. Utz ditzagun fantasiak (...) ardoa ez da naturala. Ezin du izan. Ardo guztia artifiziala da. Urtetan egin dugu amets ardoa daraman erreka bat mendian topatzearekin (...), baina, naturan ez dago halakorik. Ardo naturala ez da erreala (...). Ardoa natural gisa eskaintzen didana saltzailea da, eta horrela saltzen dit naturala eta onuragarria terminoak sinonimoak direlako berarentzat, eta hori ere gezurra da (...). Hori esaten didanak zerbait saldu nahi dit, gainera, gezurrak eta sinplekeriak erabilita (...). Hain begi bistakoak diren sinplekeriak eta gezurrak onartu egiten ditugu. Zertan ari gara?»

Hausnarketarako hitz ederrak. Jakina, sagardoari buruz gauza bera esan daiteke, sagardoa ere ez baita naturala. Ezin da izan. Orduan, gogora ekarriko duzu sagardo botila guztietan sagardo naturala jartzen duela. Ai, ene irakurle... ziria sartu dizutelakoan nago. El Dorado bailitzan sagardoa daraman erreka aukitu nahi bazenuen, plana bertan behera utzi beharko duzu. Baina, sagardo naturalik ez badago, zer da botilako sagardo natural hori? Bada, 1979ko abuztuaren 28ko Estatuko Aldizkari Ofizialean agindutakoa betetzen duen sagardoa delako naturala. Besterik ez.

Aginduaren 4. artikuluan definitzen da sagardo naturala: praktika tradizionalak jarraituz egindako sagardoa da, gehitutako azukrerik gabekoa eta jatorri endogenoko gas karbonikoa besterik ez duena. Hortaz, zikloa ixten ari gara. Sagardo naturalaren definizioak berak dio praktika tradizionalekin (eta ez praktika naturalekin!) egindako sagardoa dela naturala. Naturalak al dira praktika tradizionalak? Azter ditzagun. EAOk berak argitzen digu zeintzuk diren sagardo naturala egiteko onartutako praktikak: iragazketa, klarifikazioa (adibidez, taninoa, gelatina, zuringoa edo kaseina erabiliz), azido tartarikoa edo zitrikoa gehitzea, kaltzio karbonatoarekin azidotasuna kentzea, anhidrido sulfurosoa edo potasio metabisulfitoa gehitzea, amonio edo kaltzio fosfatoa gehitzea, potasio sorbatoa edo azido askorbikoa gehitzea, nitrogeno-atmosferan mantentzea, eta abar. Praktika horiek naturan berez gertatzen direla iruditzen zaizu? Izatekotan, tradizionalak dira praktikaok, baina ez naturalak.

Fantasiazko hitzak hitz zentzudunekin ordezkatu nahi baditugu, sagardo naturalari sagardo artifizial esan beharko genioke. Jo dezagun berriro ere hiztegira. Artifizial (adj.): gizakiak egina dena, izadiak sortu ez duena. Tira, egia da artifiziala entzunda hasieran arraroa egingo zaigula, baina, proposatu dudana ez al da definizio zuhurragoa? Asko jota, sagardo tradizional dei diezaiokegu, baina, naturala ez. Eta ez da ezer gertatzen. Txotx!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!