Aurreikuspenak guztiz beteta

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 27a, 12:03
Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro, Oasis Raidean.

Oasis Raid proba solidarioan parte hartu berri dute Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro albizturtarrek; gorabeherak izan arren, esperientziak merezi izan duela diote.

Joan ziren bezala itzuli dira, irribarretsu. Ander Malbadi eta Ander Dorronsoro albizturtarrek Aizalde Raid Team osatu zuten, eta Dorronsororen Renault Kangoo-arekin Oasis Raid izeneko proba solidarioan parte hartu dute, Marokon. «Helburu nagusia etxera furgonetarekin itzultzea zen», esan du Dorronsorok, eta Malbadik gaineratu: «Une batzuetan helburu hori kolokan egon zen».

Abenturaren «balantze guztiz positiboa» egin du Dorronsorok, eta Malbadik «abentura polita» izan dela esan du, «aurreikuspenak guztiz bete» dituena. Hori bai, gorabeheratsua ere izan da, tarteka hainbat oztoporekin egin baitute topo.

Zazpi etapa zituzten proban, baina Marokora iritsi aurretik hasi zen abentura Algeciraseko aduanan. «Dozena bat kotxe ginen proban, eta aduanan gu geunden lehenengoak», esan du Malbadik. «Zer generaman galdetu ziguten eta guk eskola materiala, arropak... Oasis Raidean parte hartzeko eraman beharrekoak zirela erantzun genuen. Pentsatzen zuten saldu egin behar genuela, eta ea agiririk ba ote genuen horretarako. Guk ezetz, ez zela saltzeko, baina ez ginen libratu furgoneta hustu behar izateaz».

Antolakuntzak pasarazi zien azterketa ez zen horren gogorra izan. «Autoa puntaraino zegoen, eta sinistu ziguten, probaren parte solidarioarentzako eraman beharrekoak betetzen genituela», du gogoan Malbadik. «Karter babeslea begiratu zuten, eta raidean zehar konturatu ginen zerbaitengatik eskatzen zutela. Ez bagenu hori izan, ez genuen kotxea bueltan ekarriko».

Lehenengo etapan gustura ekin zioten bideari, eta patxadaz hartu zuten bazkaltzeko unea. Gero etorri ziren arazoak, hondarra azaldu zenean. «Aurreneko esperientzia hor izan genuen», ekarri du gogora Dorronsorok. «Suposatzen zen horretarako palak-eta izan behar genituela. Ez genuen ezer eraman, ez palarik , ez plantxarik. Aholkatu egiten zuten, baina pentsatu genuen handikerietan ari zirela. Jende asko elkartu zen guri laguntzeko: auto bat eslingarekin, eta bertako bat asto batekin».

Albizturtarren eslinga erabili zuten eta hautsi egin zen. «Eslinga ere ez genuen behar bezalakoa eraman, lehenengo egunetik ez baitzen pasa», esan du Malbadik. «Gainera, ez ginen ohartu esku frenoa emanda utzi genuela furgoneta, beraiek tiraka ari zirela. Guri tiraka ari zenaren enbrageak berotu ederra hartu zuen eta handik bi egunetara aldatu egin behar izan zuten; eta parte handi batean gure errua izango zen». Oztopoekin izandako lehen esperientziak erakutsi zien nora joan ziren. «Orduan lurreratu ginen, modu behartuan».

Hondarretan hiru edo lau etapatan aritu ziren. «Lehenengo egun horretan gaizki ibili ginen, bigarrengoan ondo moldatuta pentsatu genuen eskua hartu genuela. Baina hirugarrengoan ere berriz ikusi genuen ezetz, berriro ere trabatuta geratu ginen, eta laguntza behar izan genuen», gogoan du Dorronsorok.

Malbadik gaineratu duenez, «txandaka joan zenaren sentsazioa izan genuen. Harritan ondo ibili ginen, baina orientazio kontuekin izan genuen arazoa. Hondarretan ez ginen ondo moldatzen. Ez zen oso atsegina trabatuta geratzea. Furgonetak ere izan zuen dardara handi bat, eta arduratu ginen».

Orientazio kontuetan ere gorabeheratsua izan zen proba. «Etapa batean erdi galduta ibili ondoren helmugara ondo iritsi ginen eta gure autoestimua berreskuratu genuen, eta atzera galdu hurrengo egunean», esan du Malbadik. «Mugikorrarentzako aplikazio bat eman ziguten eta horrek kilometroak hartzen zituen. Guk erreseteatu egiten genuen eta nahiko ondo funtzionatzen zuen».

MATERIALEZ GAINEZKA

Oasis Raid solidarioa da, eta parte hartzaileek hainbat material utzi behar izaten dute ibilbidean zehar. Bigarrengo egunean herri batera joan ziren, eta han ezinduen eskola bat zegoen. Han utzi zituzten arropak eta material ortopedikoa ere bai. Hurrengo egunean beste herri batean eskolarako materiala utzi zuten.

«Gu desiratzen geunden materiala uzteko», esan du Malbadik. «Abiatu aurreko larunbatean uste genuen erdia Albizturren utzi beharko genuela, ikaragarri bildu genuelako. Bai lagunek emandakoa, bai Tolosan jarri ginenean Beotibarren ondoan jasotakoa. Azkenean egoskorkeriaz sartu genuen dena, eta ia guretzako lekurik gabe geratu ginen». Dorronsorok dioenez, «ez genuen espero biltzea ezta erdia ere hara eramateko. Kotxea puntaraino beteta joan zen, eta azkenean esaten genion jendeari ez emateko gehiago, ez zelako sartzen». Crowdfunding kanpaina egin zuten bidaiarako, eta oso pozik daude lortutakoarekin.

Oasis Raidean dozena bat parte hartzaile izan ziren, eta «giro oso ona» izan zutela diote. «Guk batez ere nabaritu genuen, askotan geratzen ginenez, hondarretan eta zulatua izaten genuenean, beti izaten zen norbait eskua botatzeko prest», esan du Dorronsorok. Taldean bazeuden lehiakorragoak zirenak, «baina antolatzaileek nabarmendu zuten iazko proban gehiago gailendu zela hori», nabarmendu du Malbadik. «Lehia bazegoen, baina sanoa zen».

Aizalde Raid Team-ekoak sari eta guzti itzuli dira. Diseinu politenarena lortzeko aukera zutela pentsatzen zuten, pegatinaz josita baitzuten, jendearen argazki eta guzti. «Kasualitatea, 2000 urtetik aurrera matrikulatutako ibilgailuei sari bat ematen zioten eta gu bakarrik geundenez, guretzako izan zen saria».

Herrialdea ezagutzeko aukera pixka bat izan dutela diote. «Proba hau eginez, bestela ezagutuko ez genituen lekuak ikusteko aukera izan genuen. Batzuetan gelditu eta ingurura begira geratzen ginen: ezerezaren erdian, mendiz inguratuta, lehortea...».

Abenturaren inguruan hitzaldiak ematen hasi dira. Tolosaldea Institutuan eman zuten ostiralean, gaur Tolosako Bidaiarien Txokoan izango dira, 20:00etan, eta etzi Albizturko Herriko Etxe ostatuan izango dira. Ostiralean afaria ere izango da, eta nahi duenak izena eman dezake ostatuan bertan.

Esperientziak merezi izan duela ez dute zalantzarik egiten, eta ez dute baztertzen horrelako beste abenturaren batean izena ematea. Ordurako, eskarmentu handiagoa izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!