Haur eskola berriak bete du bere lehen hilabetea martxan

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 20a, 10:23

Lekuz aldatzeak hainbat onura ekarri dituela azaldu dute haur eskolako hezitzaileek.

Hilabete baino gehiago daramate Amezketako Haurreskola berrian martxan, herriko plazan dagoen lokal batean. Miren Egunez eta Ainara Urtizberea dira bertako hezitzaileak eta aldaketa hoberako izan dela azaldu dute: «Lehen ere ondo geunden, baina egia da behe solairu batean egoteak abantailak ematen dituela».

Aurreko haur eskola lehen solairu batean zegoen, behin-behineko egoeran. «Lehen solairuan egoteak ere bazituen laguntzen ez zuten ezaugarri batzuk», azaldu du Egunezek. «Asko mugatzen zigun bai haurrekin kalera ateratzeko, bai gurasoak haurrekin etortzeko, eta baita larrialdi egoera batean atera behar izanez gero ere. Hau da, irisgarritasun aldetik bere mugak zituen».

Orain hainbat onura ditu leku berriak. «Haur eskolarentzako terraza dugu, guretzako. Eta gero bertan dugu plaza, eta frontoia gertu dugu. Beraz, zoragarri. Lehenengo egunetik hasi gara aprobetxatzen hori», esan du Urtizbereak. «Eguraldi ona dagoenean eta egoki etortzen bazaigu antolakuntza aldetik, bai bertako gure terrazara ateratzen gara, eta plazara eta frontoira ere joaten gara», gaineratu du Egunezek. «Iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela haurrekin kalera ateratzea adin hauetan. Beraz, ahal dugun gehienetan saiatzen gara ateratzen». Haurrei ere nabaritzen zaie kanpora ateratzea gustatzen zaiela, Egunezek esan duenez: «Haurrak atera hurbiltzen dira, eta eskatzen dute atera nahi dutela».

Gurasoen aldetik ere aldaketarekin «pozik» daudela dio Urtizbereak: «Batetik, aurreko mugak ez daude, eta orain kanpora ateratzeko ere dugun aukera horiengatik. Bestetik, orain beraiek aukera dute haurrak nola dabiltzan ikusteko, haurraren bila etortzen direnean, eta lehen ez zuten aukera hori. Asko baloratzen dute hori».

Aurreko lekutik faltan botatzen dute errekaren soinua Egunezek eta Urtizbereak. «Atzetik pasatzen zen erreka, logelaren ondoan, eta errekaren hotsa entzutea faltan botatzen dugu». Halere, garbi dute lekuz aldatzea hoberako izan dela, eta prozesu horretan udalaren eta gurasoen aldetik egindako eta egiten ari diren lana eta erakutsitako prestutasuna eskertu dute.

Haurreskolak Partzuergoko kidea da Amezketakoa. Taldekatzea dute, hau da, 0-2 urte arteko haurrak daude bertan, eta hamar plaza dituzte. Gaur egun sei haur daude eta orain urrian izan den matrikulatze epean beste bi haurrek izena ematen dute. Beraz, zortzi izango dira abendutik aurrera. Urtarrila eta maiatza dira izena eman daitekeen beste bi garaiak.

Partzuergoak eskaintzen duen ordutegia 07:30etik 17:00ak arte da, eta gutxienez hiru haurren familiek eskatuz gero, 18:30ak arte luzatu daiteke. Gero, taldearen beharren arabera zehazten da ordutegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!