Oinezkoentzat bidea berritu eta txukundu dute Gaztelun

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 18a, 10:06

Elizatik plazarako bidean altxatuta zeuden harlauzak konpondu dituzte

Gaztelun irisgarritasuna hobetzeko lanetan aritu dira azken asteetan, bertan nahikoa kaltetuta zeuden elizaren ondoko eskailerak eta ingurua berritu baitituzte.

Gari Aranzabalek, Gazteluko alkateak, azaldu bezala badira «urte batzuk» eskailera horietako harri losak «altxatzen» hasi zirela. Horrez gain, «motorrekin eta ibiltzeagatik» harlauza batzuk puskatuta zeuden. Horregatik, oinezkoen irisgarritasuna hobetze aldera egin beharreko lana zela ikusi zuten, eta horretarako diru laguntza bat eskatu zuten.

Diru laguntza osoa lortzea «oso zaila» denez, udalak ere ekarpena egin beharko du lanak ordaintzeko. Hala ere, tamaina horretako lanak egitea «posible» da Gazteluko Udalarentzat Aranzabalen esanetan. Lanak amaituta ingurua «nahikoa txukun» gelditu dela uste du Aranzabalek.

Harlauzak altxa ondoren eskailerak arriskutsuak izatera iritsi ziren oinezkoentzat, Aranzabalek azaldu bezala, «estropuz egiteko» arriskua  zuten oinezkoek. Horregatik, herritarrek alboko errepidetik joateko ohitura ere bazuten jada.

Bestalde, eskaileren gainean dagoen Oteizaren eskulturari ere «bere txokoa» eman nahi zioten.
Gauzak honela, azken asteetako lanen ondoren, jolaslekua den ingurune hori oinezkoentzat bideragarriagoa eta seguruagoa egin da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!