«Ametsa egia bihurtu da»

Asier Imaz 2016ko eka. 9a, 13:45

Atzo goizean zabaldu zuen albistea Caja Rural-Seguros RGA txirrindulari taldeak. Jon Irisarri (Leaburu, 1995) hurrengo urtean eurekin ariko da lehian, profesionaletan. Bi urterako sinatu du kontratua leaburuarrak. Horrenbeste amestutako momentua bizitzen ari da Irisarri.

Nola esplikatu hitzez gertatu dena?
Ametsa egia bihurtu dela. Hemendik aurrera dena gehiago izango da; lana, zainketa... Orain arte egindako lan guztia hau lortzeko izan da, eta orain beste erronka bat hasten da.


Sinatzeko unean, zer pasa zitzaizun burutik?
Ametsa zela. Txirrindularitza munduan urte asko dira azkenean, beti hori lortu nahian. Orain egia bihurtu da beti amestutako momentu hori. Sinatzeko une horrekin beti izaten duzu burua. Iritsi da, eta izugarria izan da.


Hemendik aurrera dena gehiago esan duzu. Aldaketak ere etorriko dira.
Asko bidaiatzea tokatuko da. Entrenamenduak luzeagoak eta gogorragoak izango dira, lasterketak bezala. Buruz ere prestatu beharko da, asko sufritzea tokatuko da eta. Etxetik kanpo ere egun asko pasa beharko ditut… Beste maila bat da.


Eta tropelean, aldamenera begiratzean…
Idoloak izan diren horiek ondoan eta aurkari bezala ikustea izugarria izango da.


Izenak ere pentsatuko zenituen?
Valverde, adibidez, nahiz eta jada bere ondoan korritzeko aukera izan dudan. Gero Matthews, Viviani, Cavendish, Froome… Munduko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izugarria da.


Egutegia jarri al dizute?
Oraindik ez. Hurrengo urtera arte itxaron behar da antolatzeko.


Noiz hasiko zara profesionalekin korritzen?
Kontratua bi urtekoa da: 17/18. Orduan, hurrengo urtean hasiko naiz. Baina aurrez, abuztu honetan, lasterketa batzuk korritzeko aukera izango dut. Asteburu batean afizionatuekin ibiliko naiz eta bestean, agian, profesionalekin. Mailara egokitzen joateko egiten dute hori, prestakuntza moduan. Oraindik ez dakit egutegi zehatza zein izango den; oraindik denbora asko gelditzen da.


Sinatu ondoren mezuak jasoko zenituen. Izan al da berezirik?
Jasotako guztiak izan dira bereziak. Egunero nirekin entrenatzen duen jendea; egunero hor daudenak… beraientzat ere pozgarria izan da eta zoriondu naute. Egun berezia da guztiontzat.


Orain, beraz, beste koxka bat gora.
Beti esaten da, kadeteetatik jubeniletara jauzia dagoela, eta jubeniletatik afizionatuetara handiagoa. Afizionatuetatik profesionaletarakoa izugarria da. Azkenean, munduko txirrindulari onenekin lehiatu behar duzu. Asko zaindu eta asko entrenatu beharra dago.


Zein da buruan duzun hurrengo ametsa?
Mailara egokitzea: profesionalekin ibiltzea daukadala ikustea. Ondo ibili nahi dut, taldekideei laguntzeko neurrian. Hor mantentzea lortu nahi dut. Oraingoz buruan hori daukat, maila horretara egokitzea. Hori lortuko bagenu, hortik aurrerakoa beste helburu bat izango litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!