Presoen senideek "zenbat sufrimendu gehiago" geratzen zaien galdegin dute

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 15a, 15:27
Irudian, Etxerat elkarteak gaur eskaini duen prentsaurrekoa. Argazkia: @EtxeratElkartea

Etxerat elkarteak prentsa agerraldia egin du Donostian, Aitor Agirrebarrena preso lizartzarraren lau senidek izandako istripua eta dispertsio politika salatzeko.

Elkarteak gogorarazi du urteko bosgarren ezbeharra izan dela, hilabete baten tartean, hirugarrena. Igandean, Puerto de Santa Maria espetxean bisita burutu ostean, bueltan zirela izan zuten senideek istripua, Salamanca inguruan: "Haien aurretik zihoan kotxeak bortizki frenatu zuen eta senideek ezin izan zuten kolpea ekidin. Ez da kalte pertsonalik tamaldu behar izan, baina errepideko ezbehar bat izanik, ez dago kalte arinik". Istripua "inposaketak eta arriskuak" baldintzatua izan dela salatu dute, "20 ordu eta 2000 kilometrotako" bidaiak baldintzatua.

Egoera honen aurrean, elkarteak galdera egin die "dispertsioa defendatzen duten " alderdi politikoei: "Istripu berri honekin markatu diguten oinaze kuotarik bete dugu? Zenbat gehiago geratzen zaizkigu?". Izan ere, dispertsio politikak gizarteko "adin eta kondizio ezberdinetako milaka pertsonari" eragin die, eta "gizarteak zenbat sufrimendu gehiago geratzen zaion" jakiteko eskubidea dutela gaineratu dute.

EAEko lehendakariari, Iñigo Urkulluri, ere zuzendu zaio senideen elkartea, bere isiltasuna salatzeko: "zenbat isiltasun gehiago espero behar dugu? Noiz gehiagora arte egingo dio ezikusiarena Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak?".

Euskal preso politikoen senide eta lagunek duela 27 urtetik euren gain "mendeku eta xantaiaren" pisua erortzen utzi dela salatu dute. Baina, horren ondorioak "ezkutatu daitezen" ez daudela prest diote, eta ardurak eta pauso berriak eskatu dituzte: "Dispertsio politika aktibatu zutenen erantzukizuna handitzen doan bitartean, bere ondorioak hazten doazen heinean, ardurarako dei berri bat egiten dugu guk: lanerako dei bat, indarrak batzeko dei bat, pertsona guztien eskubideak berriz aktibatu eta salbuespeneko kartzela politikak deuseztatu daitezen pauso berriak emateko deia".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!