Altuna III. eta Barriolarentzat Bizkaia torneoa

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 31a, 10:11

Bost terdi barruko Bizkaia torneoa eskuratu zuten atzo Jokin Altuna eta Abel Barriolak 22 eta 16 irabazita Olaizola II. eta Aretxabaletari Bilboko frontoian; 800 pilotakadatik gorako partida ederra eskaini ziguten lau pilotariek. Jaialdi berean aurrez aurre ikusi ahal izan genituen Jaka lizartzarra eta Artola alegiarra; lizartzarrak irabazi zuen, 22-18.

Lehen tantoan ikusi genuen amezketarra ez zela uzkurtuko: gorriei eman zien sakea txapak eta Olaizolaren sakea aidean hartu ezkerrez eta txokoan utzi nahi izan zuen; gutxigatik joan zitzaion txapapera.

Bikote oso ona osatu zuten Jokinek eta Barriolak, Barriolak gehienetan agindu egiten zuen atzeko koadro laburtuetan eta Jokinek oso ondo mugitu zuen pilota okasioa izan zuen guztietan; tanto bikainak ere egin zituen, baita jenialitateren bat edo beste ere. Esate baterako, partida hasieran egin nahi izan zuena, Olaizolaren sakea airez hartu ezkerrez eta goxo-goxo txokoan utzi, erdi aldera egiten saiatu zen berriro eta, oraingoan, ezin hobeto atera zitzaion; esan behar da antzeko bat egina ziola Olaizolak apur bat lehenago, Jokinek jotako sakea ezker gantxoz zabaleratu zuenean txapa gainera ziztu bizian. Mendean egon zirenean ere oso zirrikitu gutxi utzi zuten. Esandakoa, partida bikaina, lau pilotariak maila oso onean, Altuna eta Barriola hobeto, eta hauentzat bost terdi barruko Bizkaia sari nagusia.

Jaka-Rezustak 22, Artola-Zabalak 18

Bizkaia sariaren finala jokatu aurretik, eskualdeko bi pilotari ikusi ahal izan genituen nor baino nor. Jaka lizartzarrak Rezusta zuen atzean lagun eta Artola alegiarrak Zabala. Partida gustagarria eskaini ziguten, benetan.

Lizartzarrak irabazi zuen. Rezustak agindu zuen atzean eta, nahiz eta Zabalak partida oso txukuna egin, pilota dexente errematatzeko aukera izan zuen Erikek, baita ondo egin ere; aurreko hormatik gertu ikusgarri aritu zen tantoak bukatzen; defentsa lanetan ere azken aldian baino hobeto ikusi genuen. Iñaki Artolak, berriz, atzeragotik aritu behar izan zuen eta errematatzeko ia aukera guztiak berak sortu behar izan zituen; Rezustak jo ez ezik kantxa asko kubritzen du gainera. Baldintza horietan aritzeko bete-betekoa ez behar bada, baina gustura samar geratzeko moduko partida jokatu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!