Herritarren Arreta Zerbitzuaren lehen oinarriak jarri dituzte

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 27a, 11:22

Astelehenean Amasa-Villabonako udaletxean ospatutako ohiko osoko bilkuran zerbitzua ezartzeko egin beharreko obretarako kreditu aldaketa bat onartu eta zerbitzua arautuko duen ordenantza herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko dute udaletxeko webgunean, datozen 15 egunetan.

EH Bilduko zinegotziek egitasmoari babesa ematea erabaki dute. Xabat Laborde koalizioko zinegotziak azaldu zuenez, "aurrekontuetan ez genion babesik eman beste lehentasun batzuk ikusten genituelako. Bide batez, eman diren urrats batzuekin ez gaude ados. Prozesua gidatzen ari den enpresa aukeratzeko modua ez dugu konpartitzen". Hala ere, EH Bilduko udal taldeak astelehenean agertu zuen, ez dela inoiz HAZaren aurka egon eta herritarren arreta hobetuko duenez, zerbitzua babestea erabaki duela. Hala ere, "informazio trukaketan sakontzea" eskatu zion udal gobernuari.

PSE-EEko Maria Luisa Arija zinegotziak ere norabide berean hitz egin zuen: "Informazio gutxi jaso dugu gaiaren inguruan. Fede onez ari gara baiezkoa ematen, badakigulako teknikoki ondo egongo dela, baina oposizioko alderdiak informatuago eduki beharko zenituzkete".

Legeak horrela behartzen duenez, HAZ arautzeko udal ordenantzari hasierako onarpena eman aurretik, Amasa-Villabonako udalaren webgunean publikatuko da osorik herritarrek kontsultatu dezaten. Behin epe hori igarota onartuko dute plenoan. "Hala ere, HAZ martxan jartzen denean sartuko da indarrean ordenantza, beraz, garaiz gabiltza", esan zuten udal gobernuko kideek.

Batzordeak aldatzeko proposamena

Udal gobernuaren beste proposamen bat eztabaidatu zuten zinegotziek astelehenean. Orain arte Ogasun batzordean jorratu izan dira pertsonalarekin zerikusia duten gaiak. Hemendik aurrera, Pertsonala eta Barne araudia batzordea osatuko da eta bertan udaletxeko langileek ordezkaritza izango dute, ordezkari politikoekin batera. Oposizioko alderdiak bat etorri ziren proposamenarekin.

Ingurumen batzordea Hirigintza batzordean txertatzea proposatu du EAJren udal gobernuak. EH Bildu ez dago ados neurri honekin eta abstenitu egin zen asteleheneko plenoan. "Ingurumenak batzorde propioa izatearen alde gaude", esan du Labordek ."Funtsezkoa gaia da, krisi ekologiko global batean bizi gara eta iruditzen zaigu udal gobernuak ez duela borondaterik izan Ingurumen batzordea deitzeko. Azkenekoa urtarrilean izan zen". Batzorde horretan lantzen ziren hainbat proiektu BTT mendi bizikleten zirkuitua, Amasamendiko proiektua, herri baratzak... "aurreko legealditik zetozen proiektuak ez aurrera eta ez atzera geratu dira", EH Bilduko zinegotzien ustez.

Tasak eta zergak bere horretan

Asteleheneko osoko bilkuraren bigarren puntuan, ordenantza fiskalak eta dagozkion eranskinak aldatzeko proposamena aztertu zuten zinegotziek. EAJren udal gobernuak proposatuari jarraituz, zinegotziek aho batez, 2017rako tasa eta zergak bere horretan mantentzea erabaki zuten.

Horrekin batera, Trafiko Buruzagitza Nagusiko Organismo Autonomoaren eta Udalerri eta Probintzien Espainiar Federazioaren arteko informazioaren trukaketa eta elkarrekiko lankidetza administratiborako izenpetutako hitzarmenera atxikitzea erabaki zuten zinegotziek. Beraz, hemendik aurrera, ibilgailuekin zerikusia duten izapideak, Villabonan bertan egin ahal izango dira, Donostiara joan beharrik gabe.

Bide publikoan terrazak eta mahaitxoak ipintzeko udal ordenantza arautzailea aldatzea ere erabaki zuten zinegotziek. Aurrerantzean ostalariek terrazak eta mahaitxoak jartzeko baimen eskaera behin bakarrik egin beharko dute, urtero berritu beharrik gabe.

Aurretiazko jakinarazpenaren edo aitorpen arduratsuaren erregimenaren mende dauden obren eta jardueratako ondorengo esku hartze, kontrol eta egiaztapenerako ordenantzari hasierako onarpena eman zioten zinegotziek, astelehenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!