Estereotipoak urritzeko kanpaina adimentsua abiatu du Atzegik

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 7a, 12:31

Atzegik ikasturte hasierako kanpaina aurkeztu du Tolosako Txolarte zentroan; Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza? da aurtengo leloa.

"Ezjakintasun handia dago adimen urritasunaren inguruan". Halaxe baieztatu dute Tolosako Txolarte zentroan egindako agerraldian. Urteroko moduan, Atzegik Gipuzkoa osoari begirako sentsibilizazio kanpaina abiarazi du ikasturte berriarekin, eta estereotipoak puskatzea izango da aurtengo helburua.

"Maitagarriak direla, haurrak bezalakoak direla, iritzi propiorik ez dutela edo lanik ez dutela egiten pentsatzen du jende askok, eta ez da horrela", azaldu dute agerraldian. Horrela, uste horiei buelta eman nahian, adimen urritasuna gizarteratu eta estereotipoak eraisteko Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza? leloa aukeratu du Atzegik.

Herrialde osoan bezala, Tolosaldean ere jende asko elkartzen du Atzegiren jardunak. Guztira, 163 familia daude, eta adimen urritasuna duten 202 pertsona. Elkarteari laguntza eskaintzen dioten kolaboratzaileak, berriz, 186 dira, eta 800 Atzegizale daude, guztira.

Harrera bero horri are laguntza gehiago gehitzeko,8.000 kartel jarri dituzte Gipuzkoan eta, Tolosaldean, 500. Baina egitasmoaren muina, galdetegi bat izango da: herritarrek, guztiz modu ludikoan, adimen urritasunaren inguruko galderak erantzuteko aukera izango dute, kolektibo horren inguruan duten ezagutza maila ikusteko. www.atzegi.org/horrelakoadanirebizitza atarian sartu besterik ez dute egin beharko herritarrek, galdera horiek irakurri eta erantzun ahal izateko. Aipatzekoa da, Atzegik ikastetxez ikastetxe eskainiko dituen hitzaldietan galdetegi hori pasatuko dietela ikasleei.

Teknologia berriak ere integrazio lan honen bultzatzaile izan daitezkeenez, #horrelakoadanirebizitza traola erabiliko dute, urte osoan barrena, adimen urritasuna dutenen argazkiak Facebook, Twitter nahiz Instagram sare sozialetara igotzeko; Whatsappez, berriz, 609 70 37 06 zenbakira bidaltzeko aukera izango da.

Galderez gain, web atarian spot bat ere ikusgai izango da, adimen urritasuna dute bi pertsonaren egunerokoa islatuz. Ikus-entzunezkoaren bide beretik, Tolosako aurkezpenean Eider Garate eta Miguel Herreras izan dira, eta bere afizio nahiz ofizioez aritu dira.

Jakinminak urritasunik ez

Belauntzarra da Eider Garate, eta 22 urte ditu. Tolosako Laskorain ikastolan amaitu zituen ikasketak, eta Inmakulada ikastetxean erizaintzaren esparruko ziklo batean aritu zen. Osasun arloa oso gustuko duen arren, bere aisialdian musika du pasio: "Biolina, gitarra eta pianoa jotzen ditut, eta orkestra batean aritzen naiz biolinarekin. Gainera, aurten antzerki eskola batean ere izena eman dut, Donostian".

Afizioaz gain, ordea, ofizioa ere badu Garatek, eta Gureak-en aritzen da lanean, kableak eginez: "Hala ere, beste lanen bat aurkitu nahiko nuke".

Alboan izan du, agerraldian, Miguel Herreras. 30 urte ditu berak, eta tolosarra da. Bost urte daramatza Topic zentroan, eta jertseetan jartzeko xaflak egiten ditu. Futbola du pasio eta, batez ere, Barça: "Futboleko kromo asko ditut, eta igerilekura joaten naiz". Eta, gizon hiztuna izaki, lagunak eta neskalagunak ere ugari dituela azaldu du barre artean. Anerekin batera, Gureaken aritzen da bera ere, kableak eginez.

Gainera, biak hasi dira, ikasturte berriarekin, ordenagailua erabiltzen ikasteko ikastaroan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!