Txintxarri Egun goiztiarra

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 14a, 08:00
Palentziako DueƱas herriko Castilla Vieja abesbatzak parte hartuko du Txintxarri Egunean.

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek kontzertua emango dute bihar, Castilla Vieja koruaren parte hartzearekin.

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek Txintxarri Eguna ospatuko dute bihar, Alegiako Juan Bataiatzailea Deunaren elizan. Palentziako Dueñas herriko Castilla Vieja abesbatzaren bisita jasoko dute Alegiako abeslariek. Aurten beste urteetan baino goizago izango da emanaldia. «Entseguekin irailaren 14an hasi ginen, eta hilabete batean iritsi da Txintxarri Eguna», esan du Garbiñe Orbegozo zuzendariak.

Iaz ere gonbidatutako abesbatza bat izan zuten Txintxarri Egunean. «Gustatu zitzaigun esperientzia eta aurten ere horrela egitea erabaki dugu, truke moduan», azaldu du Orbegozok. «Alegiar batek, lana dela eta, hango abesbatzan kantatzen duen batekin harremana du eta horrela jarri ginen beraiekin harremanetan. Beraiek irteera bat egiteko gogoa zuten, eta hona aldera etortzekoa, eta guri ere primeran datorkigu. Guk hurrengo urteko udaberri aldera egingo dugu irteera Dueñasera».

Biharko emanaldia 19:45ean hasiko da Txintxarri Txiki abesbatzaren emanaldiarekin. Hiru abesti eskainiko dituzte taldeko gazteenek Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondo pianoan lagun dutela. Maorien abesti batekin hasiko dute euren lana, Tutira Mai abestiarekin hain zuzen. Erlak bikoteak 60ko hamarkadaren bukaeran ezagun egin zuen Harritxo bat bota nion eta Lorenz Maierhofer konpositore austriarraren Dudabda kantuak ere abestuko dituzte. Orbegozok azaldu duenez, «garrantzitsua da beraientzat parte hartzea egun honetan, eta nolabait sentitzea taldeko partaideak direla. Hasi berriak gara entseguak egiten, eta nik uste dut polita geratuko dela saioa». Hiru haur berri hasi dira aurtengo ikasturtean. «Ea jende gehiago animatzen den parte hartzera. Daudenak ilusio handiarekin daude eta gogoz aritzen dira», esan du zuzendariak.

Txintxarri Txikikoek bukatuta, Txintxarri abesbatzaren txanda izango da eta bost obra eskainiko dituzte. Josu Elberdin Pasaiako musikagilearen Kantauri pieza abestuko dute lehendabizi. Aldapeko sagarraren abesti herrikoia ere abestuko dute ondoren. Estiloz erabat aldatu eta Françoise Hardy abeslari frantsesaren kantu ezagun bat abestuko dute euskaraz, Tous les garçons et les filles. Emakume eta gizonen arteko harremanez hitz egiten duen abesti horrek sekulako zalaparta sortu zuen 60ko hamarkadaren hasieran. Ondoren, Leonard Cohen Kanadako abeslari zaharraren doinu ezagun bat ere abestuko dute, Hallelujah. Eta bukatzeko Xalbadorren heriotzean abestuko dute, Junkal Guerrero andoaindarraren moldaketa bat hain zuzen.

Azkenik, Palentziako Dueñas herriko Castilla Vieja abesbatzak abestuko du. Bi abesbatzen arteko harremanetik sortu da kontzertu hau emateko aukera. Aurrerago alegiarrek Palentziara bidaiatuko dute. Tomas Luis de Victoriaren Ave Maria eskainiko dute lehendabizi. Segidan, Palentziako doinu herrikoi bat, La mozuela de camasobres izenekoa. Alfonso Martinez Arias madrildarraren Maria se bebe las calles doinua abestuko dute, baita Palacios eta Martin musikagileek eginiko Perfil castellano ere. Ondoren, Miguel de Cervantesen hitzetan oinarritutako doinu bat entzungo da, Epitafio para la sepultura de Don Quijote. Mozarten obra batez gozatzeko aukera izango da, Lacrymosa. Eta bukatzeko, Ibon Casas musikari donostiarraren abesti bat eskainiko dute, Apaga la luz y veras.

Azken bi kantuak elkarrekin abestuko dituzte bi abesbatzek, Haendelen Canticorum iubilo eta Agur jaunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!