Altzoko beste 'handia'

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 26a, 11:12

Imaz bertsolariak landatutako pagoa Altzoko herriaren ondaretzat dute; 2017ko Europa Zuhaitza Lehiaketan parte hartzen ari da.

Ezbairik gabe Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia da altzotar ezagunena. Bere garaian bizi izan zen Manuel Antonio Imaz bertsolariak landatu zuen pagoa izango da herriko natur ondare ezagunena eta maitatuenetakoa. Orain 180 urte landatu zuen bertsolariak, ezkondu zen urtean, eta ederki zaindu ere. Oinordekoek ere ondo zaindu dute eta egun familiaren sinboloa da.

Herrian ezaguna da pagoa, baina orain herritik kanpo gero eta ezagunagoa egiten ari da, 2017ko Europako Zuhaitza Sarian parte hartzen ari den hautagaietako bat denez. Pilar Zubiarrain altzotarra da Imazen oinordekoetako bat, eta lehiaketa «poz handiz» bizitzen ari direla esan du: «Familian oso estimatua da zuhaitza. Berak lotu ditu belaunaldi asko, familian harremana mantendu eta bazkariak egin izan baititugu elkarrekin. Familiaren sinboloa da». Ez zekiten lehiaketaren berri, zuhaitza hautatua izan dela jakin arte. «Jakin dugunez, lehiaketan garrantzia duena ez da zuhaitzaren ezaugarriak, baizik-eta pertsonekin duen harreman afektiboarengatik. Horrela izanik, uste dugu irabazi egin beharko genukeela», esan du Zubiarrainek.

Imaz bertsolaria Paula Jauregirekin ezkondu zen. «Sortu zuen familiaren ezaugarri moduan landatu zuen pagoa eta modu berezian hasi zen zaintzen, simaurra emanez-eta», azaldu du Zubiarrainek. Gero pagoa modu ezohizkoan loditzen hasi zen. Imaz bertara joaten zenean, bere gerrikoarekin neurtzen zuen, eta gero etxera joaterakoan, gerrikoa barrika baten bueltan jartzen zuen eta horrela jakiten zuen nola hazten ari zen. «Hil aurreko astean ere joan omen zen azken neurketa horixe egitera», dio Zubiarrainek.

Bertsolariaren ondorengoek pagoarekiko estima hori mantendu dute. Egun, bost eta zazpi arteko belaunaldiak daude bizirik. Gipuzkoan bizi dira gehienak. Argentinan ere bizi da familiaren parte bat eta haiekin ere harreman mantentzen dute.

Oraingo oinordekoak herriaren erdian bizi dira, baina 200 urtetan Imazen familia Legarre baserrian bizi izan zen maizter. Pagoa dagoen lursailaren historia ere berezia da. «Lehen lursail guztiak herriarenak ziren. Gure familiak lur hau Altzoko Udaletik eskuratu zuen. Udalak saldu zuen lursaila dirua behar zuelako armak erosteko, Napoleonen armadari aurre egiteko», esan du Zubiarrainek.

PAGO MOTZA

Imazen zuhaitza 23 metroko garaiera duen pago motza da. «Pago motza pertsonek maneiatutako zuhaitza da», azaldu du aldundiko mendi zerbitzuetako teknikaria den Valentin Mugarzak. «Pagoa mozteko helburu nagusiak ziren ganadua basoan ibiltzeko aukera izatea eta egurra lortzea».

Mugarzak azaldu duenez, «zuhaitza azpitik moztuz gero, ganaduak jan egingo zituen aterako ziren zepa berriak. Horregatik, hiru metro inguruan zuhaitza kimatzen zen eta ganadua ez zen iristen zepa berria jatera». Garai batean basoak industria modukoa ziren. «Egurra mozterakoan, gero ikatza bihurtzen zen basoan bertan», azaldu du Mugarzak. «Mendeetan erabili den teknika izan da, eta orain 60 bat urte bertan behera utzi zen, industriak argindarra erabiltzen hasi zirelako ikatzaren ordez».

1997an pagoari zuhaitz berezi izendapena eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta aldundiaren ardura da bere zainketa. «Gure familian belaunaldi guztiek egin dute teknika hori egurra lortzeko», azaldu du Zubiarrainek. «Orain zainketa aldundiak egiten du eta azken kimaketa 2015ean egin zuen. Ni eskertuta nago, badakidalako ondo egingo dutela zainketa hori».

Aldundiak Europatik diru laguntza jaso zuen pago motzak kontserbatzeko. Azken urteetan kimaketa eta zainketa lanak egiten aritu dira, tartean Altzoko pagoari. Mugarzak zehaztu duenez, «Europatik diruz lagundu zen pago horiek biodibertsitate aldetik balio handia dutelako».

LEHIAKETA

Europako Zuhaitza lehiaketa 2011tik dago martxan. Aurretik Txekiar Errepublikan egiten zen, eta ondoren Europako beste estatu batzuetara zabaltzen joan zen eta aurten 15 estatuk hartzen dute parte. Mugarzak azaldu duenez, «HAZItik zuhaitzak proposatzeko eskatu zuten, eta nik Altzoko pagoa proposatu nuen. Batetik, aurten 180 urte betetzen ditu aurten landatu zela, familiak asko estimatzen du, eta herri mailan ere estimu handia du». Pago motza izateak ere bere esanahia duela gaineratu du Mugarzak: «Gipuzkoan 150.000 pago-motz daudela esaten da, eta altzoko zuhaitza horien guztien ordezkari oso egokia da».

Lehiaketan «gehien baloratzen dena ez da tamaina, adina, edo edertasuna, baizik batez ere pertsonarekiko duen harremana. Lehenengo hiru ezaugarri horiek ere betetzen ditu, baina, esan bezala, lotura berezia du familia batekin eta herri batekin ere, eta ezaugarri hori da baloratzen dena», zehaztu du Mugarzak.

Europako lehiaketaren finalera iristeko, Altzoko pagoak lehenengo estatu mailakoa irabazi behar du. Lehiaketa hau bozketa bidez da eta bederatzi hautagai daude. Botoa emateko www.arboleuropeo.es helbidera joan behar da eta izena eman ondoren bozkatu ahal da. Horretarako azken eguna azaroaren 6a da. Imaz bertsolariaren pagoa bigarren doa lehian, atzo bertan webguneak ematen zituen datuen arabera. Avilako zuhaitz batek du lehen postua momentuz, baina oso boto gutxiko aldea du.

Zuhaitzaren historia eta bere ezaugarriak ezagutzeko, eta Europako Zuhaitza lehiaketaren berri emateko, hitzaldia emango dute Zubiarrainek eta Mugarzak bihar, 19:00etan, udaletxean. Zubiarrainek esan duenez, «herrian ere jende askok apreziatzen du, eta herriko ondare moduan hartzen da. Irabaziko bagenu izugarrizko poza izango zen».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!