Ur jauzien magalean, munduaren beste aldean

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2016ko urr. 23a, 19:34

Ara, badator gaur ere eskolara, gogotsu besarkatu nau etorkizunik ez bailitzan. Ezker masailean muxu goxo bat eman dit eta bere eserlekura zuzendu da. Beso artean duen kotoizko igeltxoari gogor heltzen dio, maitekiro. Poltsikoren batean ogitartekoa duelako, edo, auskalo zergatik. Ez du ordea, bost udaberri pasetxo dituen haurrak lezakeen ibilera leunik. Eserlekura bidean, motxila batekin estropezu egin, eta lurrera erori da. Bidean, bi oinetakoak galdu dituela jabetu naiz.

Bien bitartean, auto ilarak sumatzen ditut kalean, oihu eta bozina hotsez. Zalaparta medio, beregana hurbildu naiz laguntza eskaini nahian. Irribarretsu hurbildu natzaio, kolpeari garrantzia kenduaz, baina, oinetakoak janzten hasi ahala, begiak lausotu, eta bihotza tristatu zait. Gozatuko nuke baieztatuz, korapilorik gabeko oinetakoak zirela eroriaren errudun esatean. Tamalez, ezin dut inolaz ere ukatu orain bi urte tamaina berbereko oinetakoak erabiliko zituela sumatzen dudanik. Ezin dut sinetsi, eta ezin diot nire buruari barkatu, nolatan saiatu naizen birritan zapata oinean sartzen. Behin saiatuta konturatu baino ez nuen. Bere begiradak burua makurtu arazi dit, lotsa eta amorru puntu batez. Mina egin ote diodan pentsatuz edota egoera baretu beharrean, neronek aztoratu ote dudan pentsatuz.

Ez zuen momentu hoberik, negar malkotan hasi, eta etxeko lanak burutu ez dituela esateko. Belauneko zauria medio, sorgin handienak ere ez lioke deus esango. Ez da ezer galdetu beharrik izan, bere barrena husten hasteko. Barnean zuen korapiloa askatzen hasi da bat-batean. Jakina, aita izugarri haserretzen zaiola esan dit etxeko lanak dituenean. Etxeko gizonak lan asko duela egiteke, eta lanik ez duenean, ohean bota eta bakarrik egon nahi izaten duela. Ez duela bere ondoan eseri nahi, ez duela ez tirabira ezta bizigura berarekin partekatu nahi. Nire jantzitik birritan tira, eta jolastorduan lanekin lagun diezaiokedan eskatu dit.

Ahopeko arnasaldi luze batek gain hartu nau, ez laztanik, ez begiradarik, ez hitz lausorik etxean… Berriro ere nire txanda. Ikasgelan burutuko den liburuxka magikorako jaio berria zeneko argazkia eskatzea tokatu zait. Espero nuen erantzuna jaso ez nezan, hatzak gurutzatzea otu zait. Esperantza izaten baita azkena galtzen dena. Kaka, alperrik! Igaroko da denbora, eta haurtxo honek ere, hartuko du bere bidea, harriak errekan piraka leuntzen diren modura. Baina, bide horretan, sekula super-heroitzat hartuko ez dituen gurasoak izango ditu bidelagun. Edo… agian bai, ze arraio. Ez dut ezezkorik pentsatu nahi.

Zorionekoa ni, gurasoek emandako goxotasuna jasotzeaz, orain bezala, urrun egonda ere gertu sentitzeaz. Leialtasunaren ikur izateaz. Kate ikusezin batek betirako lotzeaz. Argentinara nindoalako, agur esan nien egunean isuritako negar malkoak benetakoak zirela jakiteaz. Hegan egiteko garaia zela bazekiten jakina. Nola ez, hartz ausart baten moduan eta enara baten abiadan. Beti barnean eta nirekin daramatzadan animaliatxo maiteak.

Hori koloredun tximeleta batek atera nau nire barneko mundutik, orain aste pasetxo bizitako oroitzapenetatik, barne-barneko sentimenduetatik. Tira, erlojuari so egin bezain laster, eguzki izpien babesa alde batera utzi, eta Iguazuko deabruaren ahora joateko unea dela erabaki dut. Blai egitera. Nik, bide batez zera esan diot:

Heldu nazazu gogor eskutik lagun, urak gure azala busti dezan, baina, uretara bota ez gaitzan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!