‘Zu’ aztergai Berrobiko irakurle taldean

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 23a, 10:30

Irailaren 29an hasiko dira ikasturtearekin; aurtengoan taldea indartzea izango dute helburu

Berrobin irakurzaletasuna bultzatu nahi dute eta hori dela eta, irakurle taldea berrabiarazi dute.
Pasa den ikasturte amaieran jarri zuten martxan eta ikasturte honetan hitzordua indartu nahi dutela esan du Begoña Olamusu liburuzainak.

Ikasturte honetako lehen hitzordua irailaren 29an, asteartea, izango da. Anjel Lertxundiren Zu liburua da oraingo honetan irakurri behar den lana.
Olamusuk esan duenez, Anjel Lertxundiren lana ez da irakurle taldea hasteko irakurgairik errazena ere, baina erabiltzaileek aukeratu dute eta seguru irakurriko dutela gustura. Hitzordua indartu nahi dutela ere esan du Olamusuk, eta horretara bideratuta egingo dutela lan. Idazleren bat ere gonbidatuko dute Berrobira, baina hori ez da lehentasuna, garrantzitsuena hilero gustura biltzea baita.

‘Zu’
2015ean argitaratu zuen idazle oriotarrak Zu liburua Erein argitaletxearen eskutik.
Protagonisten bizitza 2012ko uztailaren hemeretzian aldatu zen betiko, izan ere narratzailearen emazteak pankreako minbizia du. «Aurrekoaren ifrentzu bihurtuko zaie handik aurrera bizitza, haren erresumako biktima apal izatera pasatuz. Bizitzaren udazkenean sakontzen duen nobela da Anjel Lertxundiren hau, heriotzaren ezinbestekotasuna bizitzaren liluraz hesitu nahi agonikoa», dio Ereinek liburua aurkezteko prestatutako idatzian .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!