Emakumeen ofizio zaharra, lihoa berreskuratuz

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 13a, 11:09

Larraulgo Dina 7 elkarteak aurten lihoaren inguruko lanketa egingo du eta abiapuntu gisa, erein duten uzta beratzen jarri dute topatu duten linu-putzuan

Larraulgo Ekomuseoa kudeatzen du 2009tik Dina 7 kultur elkarteak. Urteak daramatza ofizio zaharren bidea gai hartuta lanketa egiten. Egurra lehendabizi eta harria (karobia) gero, aurten emakumezkoen ofizio zahar bati heldu dio kultur elkarteak. Katillutxulo mendian, linu-putzua aurkitu ondoren abiatu dute proiektua.

«Linuaren atsekabeak, amaigabeak» dio esaera zaharrak. Lihoa edo linua izeneko landaretik haria atera eta ehuna egiteak hamaika lan ematen zituen. Prozesu osoa egin nahi dute orain Larraulen, garai bateko ofizioa berreskuratuz. Pili Otaegi Dina 7 kultur elkarteko kideak herrian lihoa landu zela frogatzen duten lekukotzen berri eman du: «Linu-putzu honen berri bazuen Koldo Jauregiren aita zenak eta Antselmo Larrarte herritarrak ere bazuen aditzera. Goiko linu-putzu honetaz gain, badakigu Elizegi-enekoek bazutela Urbeltz izeneko iturriaren aldamenean beren linu-putzu propioa».

Lihoaren hariekin egiten ziren garai batean jantzi asko, horien artean, maindireak, gorpuak estaltzeko oihalak, hil-zapiak, burukoak, barruko arropa, zapiak edota ohe-estalkiak. «Larraulen Elizegi baserriko Bittori Garmendia Arsuagak, 1850. urte inguruan egin zituen maindireak gaur arte mantendu dira. Bere alaba Maria Txapartegi Garmendiari pasa eta gaur egun, Tolosan bizi den Ignacio Elizaran Txapartegik dauzka», dio Otaegik.

LANDARETIK HARIRA

Lihoa zurtoin mehe eta tenteko landarea da eta lore urdinak ditu. Landare bakoitzak 30-35 zuntz ditu eta artilearekin eta kotoiarekin batera ehungintzarako asko ustiatu izan da. «Lihoa lantzeko mekanizatze zailtasunak medio, kotoiaren merkatua gailendu zen XIX. mendean eta gero, XX. mende hasieran zuntz sintetikoek aurrea hatu zioten, desagertzeraino».

Bere garaian , baserri guztietan urtero ereiten zen lihoa, «garia eta artoa bezalaxe». Dina 7ko kideak antzinako erara, lursailak prestatu eta hazia erein dute. Martxoan landatu eta uztailean jaso zuten uzta. Bildutakoa aletu eta atzo eraman zuten, Katillutxulon egokitu eta berritu duten linu-putzura.

«Garai batean erreka bazterrak erabiltzen ziren lan honetarako, baina ura kutsatzen zela ikusita, inguruan putzuak eraikitzera pasa ziren. Garai hartakoak ditugu linu-putzuak», dio Otaegik. Zuntzak eta azala eransteko balio duen pektosa izeneko goma moduko substantzia kutsakorra desegin arte uzten dute lihoa beratzen. «Gutxienez bederatziurrena baina 15-20 egun ere aipatzen dituzte. Gu gainean egongo gara datozen egunotan». Zabal-zabal eginda, hondoan zarba batzuk eta gainean harri eta zuhaitz adarrak jarrita prestatu zuten atzo lihoa.

Behin linu-putzutik aterata lehortzen jarri eta haria iruteko prozesuarekin jarraituko dute azaroa bukaeran Larraulen ospatuko duten kultur astean. Erakustaldian lagun izango dituzte Oiartzungo Estanis Urdanpilleta eta Bixen Lartzabal.

EMAKUMEEN ESKUKO LANA

XVI. mendean burdingintza eta balearen industriarekin batera, lihoak garrantzia handia hartu zuen. Otaegiren ustez, «hain esanguratsua izan arren, emakumeen esku zegoenez ia ez da horren berri jaso».

Neska gazteei, 11 urte betetzen zituztenean, etxekoek soro mutur bat ematen zieten, lihoa erein eta ezkontzarako zuritasuna prestatzen has zitezen. «Baina euskal emakumearentzat ez zen soilik diru iturri bat, alargun geratuz gero bizibide bat ere bazen, ezkongabea izanda ere berdin. Aske eta bere buruaren jabe izateko bidea ireki zuen lihoak, autoestimurako ateak zabaldu zizkien emakume haiei».

Linuari buruzko hainbat testigantza eta ipuin jaso dira. «Antzina lan horietako asko iluntzetan egiten ziren, sutondoan, kantuak eta kondairak elkarri kontatzen zizkieten eta horrela arintzen zuten hain luzea izaten zen lana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!