Udazkeneko fonotekatik

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko urr. 9a, 12:06

Urtaro bakoitzak badu bere tonua, berezko kolore bat eta egoki datorkion doinua. Norbere bizipenei estuki lotutako fonoteka propio bat, alegia. Nirean zokomian nenbilela, San Martin, azken larrosa etorri zait eskuetara, Xabier Letek euskarara ekarri zigun abesti ederra.

Sortu ginenetik (edo) kantuan egin dugu. Kantuaren bueltan elkartu izan gara. Kantuak pentsatzen eta amesten lagundu digu, sentitzen eta egiten. Uzten du nortasunean arrastorik entzun eta errepikatzen dugunak. Txikitako oroitzapenen parte handi batek Imanol Urbietaren marka izango du gutako askorentzat. Jon Braun abesten genuenero Ranroberrean sartuta imajinatzen nuen nik. Indio bat, bi indio,... geroztik zenbat indio txiki sortu ote dira gure herrian. Eta badut nolabaiteko ardura, haiek ere, guk bezala, kantuan ikas eta egin dezaten.

Eta hala, poliki-poliki..., bagoaz, pixkanaka, bizitzan zehar une batean edo bestean lagun ditugun abestiei tokia egiten. Geure-geureak sentitzeraino. Iruditzen zait, ordea, gero eta gehiago kantatzen dugula isilean. Besteekin eta besteentzat baino, norbere kolkorako. Lotsak ahots kordak blokeatu izan balizkigu bezala.

Izan liteke, agian, gure identitatea(k) zein imaginario kolektiboa eraisteko asmo antolatu bat badagoelako. Edota, nahiago bada, gutxienez eraiki, saretu eta sendotu ez dadin. Bestela nola ulertu afera identitario-kulturalak fribolizatzeko gero eta handiagoa den joera hori. Azken hauteskunde kanpainan ere bai. Ez dakit zenbait indar politikok ez ote gaituzten nahi kulturalki banalizatuak eta sozialki deskafeinatuak. Kanpainako txistu eta akordeoi soinuekin fidatu ez garenontzat arriskua hor dago.

Baina itxaropentsu nago. Oraindik ere badugulako imaginazio nahikorik, imaginarioan eragiteko. Oraindik ere sor ditzakegulako aukerak burujabetza prozesu bat bideratzeko. Baditugulako horretarako premia sozial sakonak eta arrazoi identitarioak (ere). Badaudelako euskal langileon interesen eta eskubideen defentsan ariko diren ordezkariak, eta bagoazelako borroka sindikala indartzera, euskal langileok prozesu horretan palanka izan gaitezen, kantuak dioen moduan, «...leiho guztiak zabalik/ mugaz harat eramaten duen / bidean zehar ibiliz...»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!