Andra Mari jaiak 2016

Eltxoak, festak noiz hasiko zain

IƱigo Otaegi 2016ko abu. 12a, 10:00

Hiru eguneko festak antolatu dituzte Orendainen, Andra Mari Eguna, Umeen Eguna, eta Elkartasun Eguna. Abuztuaren 14an hasi, eta 16ra arte luzatuko dira.

Birritan jaurtiko da suziria Orendainen; lehenik, haurrek botako dute, goizean; arratsaldez, aldiz, txupinazo ofiziala izango da.

Aurrenengo leherketaren ondoren, 3x3 areto futbol txapelketa jokatuko da, eta bazkalostean, jolasteko unea izango da. 21:00etan saiheski jatea egingo dute orendaindarrek; jandakoak botako dituzte ordea, ondorengo lokotx bilketan. Amaitzeko, Huntz taldearen kontzertua izango da.

Eztarria sagardoz bustitzen hasiko dute Umeen Eguna herritarrek; geroxeago, herri kirolak izango dira, lehenik, haurren eskutik, eta segidan, helduagoak ariko dira. Esku-huskako partidak ere ikusteko izango dute paradarik herritarrek, Saralegi eta Garmendia, Urretabizkaia eta Telletxea, norgehiagoka antolatu baitute, 22:30ean. Trikiti soinuekin emango diote bide azken egunari.

Apurrak ez dira nolanahikoak izango. Goizetik hasita, XXIV. Txirrindulari proba ospatuko da, 12:00etan. Herri bazkaria izango da lasterketa bukatu bezain pronto, Eltxo elkartean. 16:30ean, aldiz, toka txapelketa izango da batetik, eta zirku tailerra puzgarriekin, beste alde batetik. Pilak kargatu beharrean eta, tortilla patata lehiaketa izango da iluntzean, Erramun Martikorena eta Txintxarri abesbatzaren kontzertuaren aurretik.

Gauerdian, eltxoek harriari buelta emango diote; eta festak agurtzeko, Unsain taldearen kontzertua izango da.

 

ANDRA MARI JAIAK

ABUZTUAK 14, IGANDEA

11:00. Haurren txupinazoa, eta 3x3 areto futbol txapelketa.

Ondoren. Bazkaria.

16:00. Ume jolasak.

20:00. Txupinazoa.

21:00. Saiheski jatea (5 euro).

Ondoren. II. Binakako lokotx bilketa herrikoia.

23:30. Huntza taldearen kontzertua.

 

ABUZTUAK 15, ASTELEHENA

11:15. Meza.

12:30. Sagardo dastaketa.

18:00. Herriko umeen herri kirol erakustaldia.

Jarraian. Herriko herri kirol taldearen erakustaldia.

20:00. Zahagi ardoa.

22:30. Pilota partidak: Saralegi - Garmendia vs. Urretabizkaia - Telletxea.

Ondoren. Herriko trikitilarien emanaldia.

 

ABUZTUAK 16, ASTEARTEA

12:00. XXIV. Txirrindulari proba.

14:30. Herri bazkaria Eltxo elkartean.

16:30. Herriko XIV. Toka txapelketa.

16:30. Zirku tailerra Zirika Zirkusen eskutik, eta puzgarriak.

20:30. Patata tortilla lehiaketa.

22:30. Erramun Martikorena eta Txintxarri Abesbatza.

00:00. Eltxoek harriari buelta ematea.

Segidan. Unsain taldearen kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!