Orendain, trantsizio bidean

Imanol Garcia Landa 2016ko ira. 7a, 08:00
Transicion en Red erakundeko kideek egindako aurkezpen ekitaldiaren harira ateratako familia argazkia.

Udal eraikinen energia kontsumoa herrian bertan sortzeko eguzki plakak jarriko dituzte, eta beste pauso batzuk ere eman asmo dute jasangarritasunaren bidean.

Datorren urtera begira, energia eta jasangarritasunari helduz egingo ditu inbertsioak Orendaingo Udalak. «Proiektu bat egiten ari gara plaka fotoboltaikoen bidez udal eraikinek kontsumitzen duten energia sortzeko helburuarekin», azaldu du Gorka Egia alkateak. Jasangarritasunaren aldeko apustua ez da inbertsioetara mugatuko, Egiak gaineratu duenez: «Ikusten genuen hankamotz gelditzen zela energiaren gaia, teknologikoki edo ordaindutako zerbait egin hutsarekin. Ideia da udalean eredugarri izan nahi duten praktika hauek herritarrengana zabaltzea».

Hori horrela, Transition Network gizarte eragilearekin jarri ziren harremanetan. «Udalean izan dezakegun kezka hau herritarrengana zabaltzeko beharra sumatzen genuen, energiaren arazoari erantzuteko ezinbestekoa delako herritarren parte hartzea ere gai horretan», esan du Egiak. «Enpresa bat dugu plaken proiektua martxan jartzeko, eta gizarte mugimendu batekin harremandu gara, mundu mailakoa dena, herritarrei kezka honen berri jakinarazteko eta eguneroko ohituretan aldaketa batzuk sustatzeko».

Udalerriak CO2 isurketak gutxitzera konprometituta daudela dio Egiak, eta Orendainen tamainak bide horretan abantaila suposatu dezakeela gaineratu du: «Oraintxe bertan, herri txikiak gara jasangarriak izan gaitezkeela pentsatu dezakegun bakarrak. Jasangarri nahi izan horretan, udalak zenbait ekintza egin ditu orain arte: kontratazio berdea, leihoak aldatzea energia gutxiago kontsumitzeko... Orain beste pauso bat gehiago ematea pentsatu dugu eta hori da kontsumitzen dugun elektrizitatea hemen bertan sortzea». Eraikin berriko, udaletxeko eta frontoiko teilatuan jarriko dira plakak. «Lotsagarria da Espainian dagoen energiaren inguruko legea», kexatu da alkatea. «Esaterako, ezin da sortutako energia pasa eraikin batetik beste batera, eta horregatik hiru teilatuetan egin behar dugu obra. Horrelako mugak daude eta ezin dugu azpiegitura jarri guk nahi bezain eroso».

AUKERATUTAKO HERRIA

Transition Network mugimenduak trantsizio bat markatzen du erregai fosilak oinarritzat dituen gaur egungo gizartetik, horien ahalik eta beharrik gutxienarekin funtzionatuko duen gizartera. «Beraiekin jarri ginen harremanetan eta horiek Red de Transicion erakundearekin harremanetan jarri gintuzten», azaldu du Egiak. «Kasualitatez, harremanetan jartzerakoan, esan ziguten diru laguntza bat jaso zutela Transition Network-etik, hiru herritan egitasmo pilotuak martxan jartzeko». Orendain izan da proiektu horretarako aukeratuetako bat. Carcaboso (Extremadura, Espainia) eta Argelaguer (Girona, Herrialde Katalanak) dira besteak. Egitasmo horren harira Orendainen izan berri dira Red de Transicion-eko Ana Huertas eta Mauri Mendez. «Urte bukaera bitarte proiektu bat diseinatuko dute datorren urtean herrian egin dezakegun lanketaren inguruan», esan du alkateak.

Diseinu hori prestatzeko hainbat elkarrizketa egin dituzte orendaindarrekin. Aurreko astean egin zuten aurkezpena herriarentzat eta bertara ere gonbidatu zituzten inguruko zenbait alkate, eta Gipuzkoan permakulturaren inguruan dabilen jendea. «Ideia da Orendainen egitasmoa martxan jartzea, eta baita ere Gipuzkoan gai hauen inguruan dabiltzanak harremanetan jartzea», zehaztu du Egiak. «Leku askotan egiten ari dira trantsizio bide honetan oso interesgarriak diren pausoak, jakin gabe mugimendu honen berri. Proiektua elkartzeko aitzakia da eta ikusteko denon artean zer egin daitekeen».

Transition Network mugimendua zergatik den interesgarria azaldu du Egiak: «Alde batetik lagunduko digulako herritarrengan kontzientzia sortzen, eta denen artean erabakiko dugu zer praktika egin ditzakegun gure etxeetan, gure egunerokotasunean, jasangarritasunean lagundu dezan. Bestetik, barne lanketa bat planteatzen duelako, eta gero komunitatea sortzea, elkarrengan ulertzea, gatazkak konpontzea, elkarren artean laguntzea. Balio hauei guztiei garrantzia ematen die eta iruditzen zait interesgarria izango dela».

Egun, esan bezala, diseinu fasean dago egitasmoa, eta azken urteetan Orendainen egiten den parte hartze prozesuan erabakiko da egitasmo hori nola eraman aurrera. «Erabakitzen dena hurrengo urtean gauzatzeko konpromisoa hartzen du udalak», zehaztu du Egiak. «Udalak jasangarritasun irizpideak bete behar ditu teknikoki, eragile izan baino. Herritarrak izango dira eragile moduan bultzatuko dutenak trantsizio hori».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!