Irailaren bukaera arte zabalik, Kale baserrirako izen ematea

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 15a, 12:41

Orendaingo Udalaren jabetza den Kale baserria eraberrituko dute, eta bertan bost etxebizitza egokitu. Lehiaketaren fasea igarota eta aurreproiektua aukeratuta, bizitza horietakoren batean interesa dutenek izena emateko aukera dute orain, irailaren amaiera bitarteko epearekin.

80-90 m2-ko bost etxebizitza egokituko dituzte baserria zaharberritzearekin, eta horietako bat udalaren esku geratuko da. Lau izango dira, beraz, eskuratzeko aukeran jarriko direnak. Bizitza bakoitzak, gainera, 200 m2ko lursaila izango du, eta bi aparkalekurentzat lekua. Prezioari dagokionean, 110.000 euro ingurukoa izango da. Gorka Egia alkateak azaldu duenez «prezio duina izateari garrantzi handia» eman diote. Etxe eta baserri hutsei irtenbidea emate aldera sortu zen Kale baserria eraberritu eta bertan bost bizitza egokitzeko proiektua.

Izena emateari dagokionean, Euskal Herrian erroldatua izan beharko da eskatzailea, baina, hori bai, lehentasuna izango dute orendaindarrek edota Tolosaldekoek edo Tolosaldean lan egiten dutenek. Era berean, ezinbesteko baldintza izango da beste etxebizitzarik jabegoan ez izatea. Orendaingo udaletxearen karrapean ikusi ahal dira proiektua irudikatzen duten panelak. Ostatuan dauden inprimakiak bete daitezke izena emateko, eta udaletxeko buzoian utzi. Udaletxera telefonoz deituta (943 65 40 64) ere egin ahalko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!