Bertakoa, betikoa, berritua

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 6a, 17:05

XIX. Azoka Berezia egingo dute igandean Zizurkil Goran herriko baserritarrak eta artisauak protagonista direla

Ibilbide luzeko azoka da Zizurkilgoa, baina antolatzaileak saiatzen dira urtero berrikuntzak sartzen. Aurtengo nobedadea %100 material birziklatuz egindako artisautza izango da. Material birziklatuak nola berrerabil daitezkeen erakutsiko dute Ainhoa Mujikak eta Idoia Elosegik azokaren erdigunean jarriko duten postutik. Ainhoa Larrea, Zizurkilgo kultura teknikariak azaldu duenez, «ikusita geroz eta hondakin gehiago sortzen dela eta kontsumoa jaisteko gomendioak luzatzen zaizkigula, gauzak berrerabiltzeko moduak erakutsiko zaizkigu postu horretan».

Zizurkilgo Udalak, Zizurkil Gorako festa batzordearekin batera antolatzen du azoka. Maite Amenabar alkateordearen hitzetan, «atzetik talde handi bat egoteak badu zeresana arrakastan eta aurretik egiten den lanarekin batera, egunean bertan boluntarioek egingo dutena eskertzekoa da».

Baserritarrak azokaren muina

Berrikuntzak berrikuntza, bertako muina herriko baserritarrak direla aipatu du Amenabarrek. «Azokaren helburua haien lana erakustea eta herritarrak bertako produktuak erostera animatzea da». 23 artisautza postu egongo dira Intxaur frontoian eta horietako bost Zizurkilgoak izango dira. Teodoro Hernandorena kalean, berriz, elikagai postuak izango dira protagonista eta tartean herriko hiru baserritarren produktuak izango dira ikusgai.

Zizurkildarrek izango dute protagonismo gehiago igandean. «San Millan eta Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek jarriko dute postua. Udalak ere izango du bere txokoa frontoian eta bere argitalpenak ezagutzera emateko eta onartu berri den bailaren banaketa berria aurkezteko baliatuko du». 12:30ean Hernandorena elkartekoek emango dituzte azalpenak.

Autobusa doan

Joan-etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere autobus zerbitzua jarriko da herrigunera igotzeko. Egun osoan zehar ibiliko dira eta 10:45etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiaurretxoko bidegurutzetik aterako dira aurrenekoak. Azkeneko autobusa aldiz, 21:00etan jaitsiko da Zizurkil Goratik.

Egitaraua

11:00 - 14:30 / 16:30 - 19:30. Intxaur frontoian eta Teodoro Hernandorena kalean artisau eta nekazari postuak.

12:00. Haurrentzako puzgarriak eta jolasak.

12:30. Zizurkilgo bailara eta toponimo aurkezpena udalaren postuan.

14:30. Bazkari herrikoia Zimiterioan

17:00. Haurrentzako puzgarriak eta jolasak.

18:30. Emakume eta gizonezkoen Euskal Herriko Ingude Jasotze Txapelketak.

Oharra: Leaburuko azoka urriko bigarren igandean egin izan da orain arte. Aurten, inguruko herri batzuetan egun berean azokak direla ikusita, atzeratzea erabaki dute. Iragarri dutenez, azaroaren 6an egingo dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!