«Hau izan da gozatu dudan aurreneko finala»

Asier Imaz 2016ko urr. 27a, 11:48

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan bigarren egin du Joseba Otaegi aizkolariak, ezustekoa emanda.

Lehendik ere zizurkildarra punta-puntako aizkolaria zen. Orain, ordea, agian ez da gehiegi esatea Joseba Otaegi berri baten aurrean gaudela. Izugarrizko ilusioa transmititzen duen aizkolari bat da une honetan, eta hori ez da gutxi. Eta ez da aizkora mundura iritsi berri bat. Zerbait aldatu da, eta horren lekuko, igandeko bigarren postua izan daiteke.

Ezustekoa emanaz bigarren egin duzu. Pozik egoteko moduan zaude. 

Nik uste pozik egotekoa dela. Orain arteko postu onena izan da. Orain ez baldin banago pozik, kontu txarra…

Aitzol Atutxak koxka bat gorago dagoela erakutsi zuen berriro ere. 

Bai. Hasieran oso indartsu ateratzen da, eta hor markatzen ditu diferentziak. Azkenean, urte guztian zehar erakusten du gehiago dela, ez Euskal Herrikoan bakarrik. Beti punttu bat gorago ibiltzen da. Orain Iker Vicente dezente hasi zaio aurka egiten, baina guri beti aldea ateratzen digu, eta igandean ere hori gertatu zen.

Iker Vicente izan zen beste ezustekoa, uste baino atzerago geratuz. 

Ikerrek orain arte egin duena ikaragarria da. Kanporaketan ere aurrena egin zuen. Egia da ikusi behar dela Aitzol Atutxa nola joan zen proba horretara; erakustaldiak tarteko, nolako prestaketarekin. Okerrik ezean bazekien pasako zela, eta nire ustez, finala prestatzera joan zen Leitzako kanporaketara. Ikerrek agian beste era batera hartu zuen, eta hortik, faborito papera jarri zitzaion. Berak ondo irabazitakoa. Nire ustez finala pixka bat handi geratu zitzaion. Baina normala da adin horrekin. Berriro esango dut, 19 urterekin egin duena ikaragarria da. Eman lezakeenari eskatzen zaio beti gehiago, eta nik uste, urte gutxi barru… hurrengo urtean bertan, azal bat egina izango du eta lan handiak egingo ditu. 

Lan luzea, enbor gogorrak… Baldintza horiek kontuan hartuta, inork gutxik kokatuko zuen Joseba Otaegi bigarren postuan.

Nik ere ez nuen kokatuko, eta iruditzen zait beste inork ere ez. Oinbikoak, gainera, beti gurutzatu izan zaizkit. Leitzako kanporaketatik hona oinbikoak besterik ez ditut ebaki. Eta ondo etorri zait. Bilbon oso eroso sentitu nintzen oinbikoetan. Ez zait iruditzen izugarrizko lanik egin nuenik, baina bai erregularra izan nintzela. Urte batzuk badaramazkit hor, eta esperientzia horri esker, txapelketa ondo irakurri nuela uste dut. Hasi aurretik frontoia bero xamar zegoela ikusi nuen, eta enborrak indartsuak zirela. Banekien Atutxa lehertzera aterako zela, eta Ugaitz Mugertzarentzat eta Iker Vicenterentzat lehen finala izanda, pentsatzen nuen jendea Atutxaren atzetik bere erritmoa jarraitu nahian hasiko zela. Pixka bat hotz eta buruz jokatzen zuenak irabazteko asko zuela pentsatu nuen. Eta hasieran horixe egin nuen. Gero gorputzak erantzun egin zidan. Azken hiru egurretan lana ondo osatu behar izaten da, eta ni hor oraindik erreserba pixka batekin iritsi nintzen. Uste dut azkenean horrek markatu zuela diferentzia.

Bigarren egin duen bati, lehen postuaren inguruan galdetzen zaio. Txapeldun izateko ametsik ba al daukazu?

Nire ustez txapeldun izateko ametsik ez duen aizkolaririk ez dago. Amets hori denok daukagu, eta ezetz esaten duena gezurretan ari da. Bigarren eginez gero, horra begiratzen da. Orain arte, bigarren postuari urrutira begiratzen nion bezala. Honek ematen duena asko da; behintzat, lanean segitzeko gogoa. Urte asko daramazkit hor, beti bosgarren edo seigarren postu horretan. Pasa izan zait, ustez kapritxoz hartu txapelketa, eta ahalik eta hobekien entrenatu ondoren bosgarren egitea. Hurrengo urtean berriz, ezer asko egin gabe joan, eta berriz bosgarren egitea. Beti dago bertan gelditzeko arrisku hori; ilusioa itzaltzen joatearena. Honek asko balio izan dit pizteko, hor nagoela jakiteko, eta horrek, beste gogo bat ematen dizu. 

Ilusio horri begiratuta, alde ederra dago Beasainen duela bi urteko txapelketako Otaegi, edo oraingoaren artean. 

Hau izan da gozatu dudan aurreneko finala. Oinbikoetan beti sufritu egiten nuen. Ni izugarrizko pasada hartzen ari nintzen bitartean, besteek erraztasunez egiten zuten aurrera. Hori oso etsigarria zen. «Nik hemen ez daukat zer eginik», esaten nion neure buruari. Aurten oso desberdina izan da. Agian finalaren ataria ere desberdina izan delako. Kanporaketa ondoren Aitzol eta Iker besterik ez zen entzuten. Gu ikusle bezala gindoazela ematen zuen. Aitzol aparte utzita, beste bostak hiru minuturen barruan geratu gara. Horrelako lan batean hori ez da ezer; sailkapenak buelta handia eman zezakeen edozer konturekin. Nik uste txapelketa honetan hori azpimarratu behar dela: gazteen etorrera, berdintasuna, eta oso lehiatua izan dela.

Hemendik aurrera zer geratzen zaizu?

Gabonetako txapelketa egiten dute, eta hor sartuko gara. Ikusiko dugu noraino iristen garen.

Apusturik ez al duzu buruan?

Momentuz ez. Zerbait baldin badator ez dugu atzera egingo. Baina gustatuko litzaidake lasai denbora bat hartzea belauneko lesio honetatik guztiz osatzeko. Apirilean egin zidaten ebakuntza, eta ekainean prestaketekin hasi ginen. Dena segidan eta presaka etorri da. Orain tarte bat hartu nahiko nuke, belauna indartu eta hurrengo urteari begira jartzeko. Orain arte Euskal Herriko Txapelketa ez nuen oso begi onez begiratzen, baina orain beste ilusio batekin prestatu nahiko nuke.

Zeure buruari ikusten al diozu hobekuntzarako tarterik?

Finalean ez nuen etxean egin ez dudan lanik egin. Askotan hori pasatzen da, plazara joan eta etxean egiten duzuna ez egitea. Aurten gauzak beste era batera hartu ditut, eta nik uste horrek ere bere zeresana izan duela. Argi pixka bat ikustea bezala izan da, eta gauzak beste era batera egin daitezkeela ikusi dut. Hurrengo urtean horretan saiatuko naiz, eta ikusiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!