Ataun eskuko Herriartekoan finalaurrekora sartzeko zorian da, 0-3 aurretik
Ataungo pilota Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan lehen sekula ukitu gabeko sabaietara ari da igotzen. Lazkao kanporatu eta final-laurdenetan sartzea lorpen polita izan baldin bazen, oraindik ez du goirik jo. Aurreko ostiralean, Oñatin, hiru partidak ...
Jardunaldi borobila atera zitzaien ataundarrei Oñatin. Kadeteek 14-22, jubenilek 16-22 eta seniorrek 6-22 irabazi zuten. «Lehenengo bi partidak nahiko gogorrak izan ziren, batez ere jubenilena. Seniorrak aiseago nagusitu ziren», azaldu du Ataun Kirol Elkarteko Amaia Albisuk.
Itzulikoa etzi, ostirala, 22:00etan Ataungo Auzoeta kiroldegian jokatuko dute Ataunek eta Oñatik. 0-3ko aldeko emaitza eta tantotan abantaila zabala ikusita, finalaurrekoetara sailkatzea oso eskura dauka Ataunek.
Ziurrenik Azpeitia izango luke hurrengo kanporaketan aurkari, hura ere 3-0 aurreratuta dagoelako Azkoitiaren aurkako parekatzean.
18. aldiz Herriartekoan
Ataunek eskuko Herriartekoko lehenengo bi lehiaketetan taldea atera zuen, 1968an eta 1969an. Ondoren, 30 urteko lehortea izan zuen, harik eta 1999an itzuli zen arte. Baina harrezkero herri fidelenetakoa izan da txapelketa horretan, hiru urtetan soilik huts egin baitu (2004, 2005 eta 2012).
Guztira 18 urtetan parte hartu du Ataunek esku huskako modalitean (palan eta zestan inoiz ez da aritu).