Elite eta 23 urtepeko afizionatuen 53. San Martin karrera jokatuko da. Agauntza elkarteak 136 kilometroko ibilbide luzea jarri du. Urkillaga bi aldiz igoko dute
Errepideko txirrindularitzaren denboraldiko Goierriko 14. lasterketa igandean jokatuko da, Ataunen. Agauntza Kirol Elkarteak antolatuta, 53. San Martin Proban lehiatuko dira eliteko eta 23 urtez azpiko amateurrak. Euskaldun Txapelketarako baliagarria da. Hain justu, Segurako San Joan Sari Nagusian hilaren 17an jokatuko den Gipuzkoako Txapelketaren aurreti, Euskalduneko azkeneko proba da Ataungoa.
Kilometro askoko ibilbidea prestatu du Agauntza elkarteak: 136,2. Igandean 09:30ean abiatuko dira txirrindulariak Ataun San Martin auzotik, eta hiru ordu eta erdiko lana izango dute aurretik. Helmugaratzea 12:55-13:05 bitartean aurreikusi dute, abiaduraren arabera.
Hiru auzoetan barrena
Ataundik Lazkaora joan-etorri bat osatu, eta hurrena Alegiaraino egingo dute bira. Atzera San Martindik pasatu, eta San Gregorio eta Kaxetatik Aia igaroko dituzte. Urkillaga mendateko bi pasaeretako lehena dute aurreneko zailtasuna (71. km).
Berriz Oria ibai ertzean behera Alegiaraino, eta Amezketa-Abaltzisketatik Larraitz igoko dute. Lazkaotik sartu eta Ataun osoa zeharkatuta, azken kilometroetan berriz Urkillaga Aia aldetik igoko dute, eta beherakoan bukatuko da lasterketa, San Martingo plaza parean.
Txirrindularitza egutegiak 17an Seguran, 24an Olaberrian eta 1ean Ezkion segiko du.