Asteartean omenaldia egingo diote 'Don Juan Txiki' ikertzaile eta idazle ataundarrari, haren jaiotzaren 125. urteurrenean. XX. mendearen erdia jaso zuen. Idazlanen bilduma liburuan argitaratu eta aurkeztuko dute.
Barandiaran Euskal Herri mailako ikertzailea izan bazen, Ataungo eskalara ekarrita, Juan Arin Dorronsoro (Telleriazpi, San Gregorio, 1892 1972) izan daiteke baliokidea. Sorterriari buruz makina bat ikerketa egin zituen idazle eta apaizak, asko baita argitaratu ere. Ataun izan zuen ikerketaren ardatz eta helburu. Abenduaren 12an beteko dira Arin jaio zela 125 urte, eta omenaldia egingo diote Ataungo Herri Antzokian, 18:30ean. Aranzadi zientzia elkarteak, Ataungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak (diputatu nagusia joatekoa da) eta Arin Dorronsororen sendikoek antolatu dute.
«Jakintsua» zen Arin, ezagutu zuten herritarrentzat. Don Joan Txiki goitizenez ezagutzen zen Ataunen. Barandiaran auzokidea, ofiziokidea eta laguna izan zuen, eta ikertzaile lanean aholkuak eman zizkion, nondik eta nola jo bideratuz. Lan asko Barandiaranen aldizkarietan argitaratu zituen Arinek, gainera:
Eusko-Folklore urtekarian eta
Idearium-en gerra aurretik, eta 15 urte isilaldiaren ondoren,
Eusko Jakintza-n 1949tik, gero.
Juan Arinen idazlanen eta artikuluen bilduma liburu eran argitaratuko dute, bestetik. Omenaldi-ekitaldian aurkeztuko dute, eta kopia digitala oparituko diete joaten diren guztiei. Arinen bilketa, lan etnografikoak eta azterketa zientifikoak ezagutarazi eta zabaldu nahi dituzte.
Papereko liburua, Ataungo Liburu Azokan eskuratu ahalko da, hurrengo asteburuan.
Arlo asko jorratu zituen
Telleriazpin 1892an jaio, eta 1905ean Lekarozera joan zen. 1909an, Gasteizko Apaizgaitegian jarraitu zituen eliza-ikasketak. 1917an apaiztu zen, eta bi urte Arabara destinatu zuten, Artzubiaga eta Garaiora (Arratzu-Ubarrundia). 1919an Ataun San Martingo apaiz laguntzaile izendatu zuten, eta han segi zuen 1968an erretiratu arte.
Arinengan ez du arkeologiak Barandiaranengan zuen adinako garrantziarik. Baina bazter-ikusle eta katagolatzaile aparta izan zen. Ataungo 416 txoko, koba eta leku katalogatu zituen, Aranzadiren espeleologia katalogorako (1955-56). Herria ez ezik, Ataun ere oso ondo ezagutu zuen.
Hizkuntza —euskaltzalea zen— eta toponimiarekiko, aldiz, interes handiagoa zuen. Leku-izen bilketa izugarria burutu zuen: 8.700 izen jaso zituen. Ataungo baserriez ere bi liburuki idatzita utzi zituen. Etnografia (artzaintza, etxeen eraikuntza, zurajea) eta folklorea ere jaso zituen. Ataungo 400 erlijiosoren biografia ere idatzi zuen, bere liburu bakarrean (1964).
Prentsa idatzian kronikari ere izan zen Arin. 1930ean eta 1931n
El Dia egunkarian eta
Argia astekarian idatzi zuen herriko berri,
Agauntza eta
Aizkoate goitizenekin sinatuta. Ataungo Udal Artxiboa katalogatu zuen, XX. mendeko lehen hamarkadetan, Barandiaranek eskatuta.
1926tik 1970era, 15 ikerlan-artikulu argitaratu zituen. Ataungo herriak omenaldia egin zion 1967ko ekainaren 25ean. 50 urte geroago, merezitakoa berriz.