Legazpiko 'kronista' joan da
SOSLAIA - Jose Mari Urtzelai (Legazpi)
Jose Mari Urtzelairengana (1933-2017) jo du GOIERRIKO HITZAk behin baino gehiagotan. Udaberrian izan zen azkeneko bisita erreportaje baterako laguntza eske. Maria Lourdes Fernandez haren emazteak bere etxera iristeko koordenatu egokiak eman ondoren, bere lantokian adeitasunez hartu gintuen eta gustura eman zigun Legazpiko Musika Bandari buruzko informazioa. Bere artxiboko argazkiak utzi zizkigun, eskuzabal. Urtzelai Legazpiko memoriaren atal luze baten lekukoa izan zen eta hura jaso, bildu eta gordetzeko lana hartu zuen.
Larunbatean zendu zen, baina idatzita utzi dituen Legazpiko gizarte, ekonomia, azpiegitura eta historiari buruzko ale guztiak hor daude, eta hor geratuko dira egin zuen lan horren guztiaren lekuko gisa, ondoren datozenak garai bateko Legazpiren atal bat ezagutu dezaten.