Azaroan Musika egitasmoari hasiera emango diote gaur Easo Eskolaniak eta Koruko Andre Mariaren Kaperak elizan. Ana Otxoa eta Marife Nogales bakarlari gisa ariko dira kontzertuan
Legazpiko Udalak urtero antolatu ohi duen bezala, oraingoan ere Azaroan Musika zikloa izango da gaur bertan hasita. Elizak hartuko du lehenengo kontzertua. Easo Eskolania haurrek osatutako koruak Koruko Andre Mariaren Kaperako taldeko kideekin batera Stabat Mater kontzertua eskainiko dute, 19:30ean hasita. Bi abeslari bakarlari gisa arituko direla aurreratu dute antolatzaileek; Ana Otxoa eta Marife Nogales izango dira. Kontzertua Santikutz abesbatzak sustatu du.
Azaroan Musika zikloko kontzertu ia guztiak udalak antolatzen baditu ere, Legazpiko hainbat talde ekitaldien sustatzaile zein kudeatzaile dira.
Aurtengo zikloan zuzenean udalak antolatuko ez dituen kontzertuak Benito Lertxundik azaroaren 11n Urbeltz pilotalekuan egingo duena eta Doinua musika eskolak Santa Zezilia egunaren bueltan egingo duen kalejira dira.
Errondaila topaketa
Aste honetan bertan errondaila topaketa ere hartuko du Azaroan Musika zikloak. Legazpiko Alaitasuna errondailak sustatutako ekintza da, eta aurtengoan Lizarrako (Nafarroa) eta Ordiziako errondailak gonbidatu ditu. Topaketa Latxartegi aretoan izango da larunbatean eta 19:00etan hasiko da.
Elizan izango den hurrengo kontzertua azaroaren 25ean egingo du Samaniego abesbatza gasteiztarrak.
Zikloa ixteko azken kontzertua ere elizan izango da, azaroaren 26an. The Lord bikoteak gospel musikari errepasoa egingo dio emanaldian.