Legazpiko Judo taldeak irailaren 11tik 14ra ateak ireki eta jardunaldiak egingo ditu legazpiarrek judoa zer den probatu dezaten. Bikuña kiroldegian izango dira jakin-mina duten haurren zain. Izan ere, judoa ezagutzen ez dutenentzat, 5 eta 10 urte tart...
Legazpiko Judo taldeak irailaren 11tik 14ra ateak ireki eta jardunaldiak egingo ditu legazpiarrek judoa zer den probatu dezaten. Bikuña kiroldegian izango dira jakin-mina duten haurren zain. Izan ere, judoa ezagutzen ez dutenentzat, 5 eta 10 urte tarteko haurrentzat kirol bat baino erreminta bat dela diote elkartetik.
Psikomotrizitatea, indarraren kontrola eta koordinazioa lantzen dira. Horiez gain, autoestimua eta norberarekiko konfiantza sendotzeko ere lagungarri dela diote.
Judokak hazi eta nerabezarora bidea egiten dutenean erreminta kirol bilakatzen doa, eta bakoitzaren gaitasun fisikoak lantzen dituzte, baita talde lana indartu ere. 14 urtetik aurrera judoaren barruan dauden adarren artean aukeratzeko garaia iristen da: jiu jitsua, defentsa pertsonala eta abar.
Legazpiko Judo taldeko kideek lehiaketatan parte hartzen dute eta horien bitartez elkarrekin bidaiak egiten dituzte; bidaiotan gaztetxoen autonomia lantzen da guraso gabe joaten baitira.
Datorren asteko jardunaldiak adinka antolatu dituzte. 5tik 7 urtera bitarteko haurrei jarri dieten hitzordua honakoa da: asteazkenean 17:00etatik 18:00etara eta ostiralean 17:30etik 18:30era. 8 eta 10 urteko bitartekoak: asteartean eta ostegunean 17:30etik 18:30era. 11 urtetik 13 urtera bitarteko judoken hitzordua da: asteartean eta ostegunean 18:30etik 19:30era. Azkenik, 14 urtetik gorako judokei egin dieten deialdia da asteartean eta ostegunean 19:30etik 21:00etara eta 13 urtetik gorakoei 18:30etik 19:30era.