Bizikidetza eta memoria hizpide hartuko dituzte bi jardunalditan
Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, Legazpiko Udalak bi jardunaldi antolatu ditu. Lehenengoa datorren astelehenean egingo dute. S(u/a)minetik bakera ikus-entzunezkoa emango dute, hain zuzen, astelehenean, 19:00etan, kultur etxean.Saminetik bak...
Saminetik bakera doan ibilbidea egin nahi du Patxi Lurrak sortutako ikus-entzunezkoak. Lanak bi testigantza jasotzen ditu, Iñaki Etxaberen alaba Olatzena Batallon Vasco Españolek erail zuen Iñaki Etxabe eta Isaias Carrascoren alaba Sandrarena ETAk erail zuen Carrasco. Bi ahots horiek narratzaile biren ahotsekin batera ematen dira; saioan Ana Galarraga eta Petti izango dira narratzaileak. Arteman Komunikazioak ekoitzitako lana da eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dute.
Azaroaren 19an segida izango dute memoriaren eta bizikidetzaren inguruko jardunaldiek. Laura Pego eta Gema Varona adituek herri mailan biktimen aitortza lantzeko giltzak emango dituzte, baita memorian eta erreparazioan aurrera egiteko tresnak ere. Biak ala biak zuzenbidean doktoreak dira. Pegok bereziki aztertu ditu 1960tik 2014ra arteko torturak eta tratu txarrak, Paco Etxeberria mediku forentseak zuzendutako eta Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa lan batean. Varona kriminologoa da eta terrorismoaren biktimen inguruko lanak egin ditu.