Larsabi elkarteak Latxa arkumearen kanpaina berria aurkeztu du
Subastara ateratako 3.775 latxa arrazako arkumeak Uvesco-BM dendetan salduko dira. Bertako kontsumoa handitzea dute helburu. Iruzurrarekin adi egoteko eskatu duteLatxa arrazako arkumearen kanpaina berria aurkeztu du Larsabi elkarteak Zaldibiako Goizane...
Subastara ateratako 3.775 latxa arrazako arkumeak Uvesco-BM dendetan salduko dira. Bertako kontsumoa handitzea dute helburu. Iruzurrarekin adi egoteko eskatu dute
Latxa arrazako arkumearen kanpaina berria aurkeztu du Larsabi elkarteak Zaldibiako Goizane bilgunean. Gabonetan arkumea kontsumitzeko garaia dela eta, egun esanguratsu horien bezperan egin zuten aurkezpena joan den astean, ostiralean, Larsabiko artzainek eta bigarren urtez jarraian produktu hori komertzializatuko duen Uvesco-BM enpresako ordezkariak.Aurtengo kanpainan, Larsabi osatzen duten 32 artzainen 3.775 arkume eta 547 ardi subastatu dituzte eta Carnicas Tamames bitartekariari adjudikatu dizkiote; komertzializazioaz, berriz, Uvesco-BM kateko dendak arduratuko dira. Iaz bezala, Latxa arkumea/Cordero latxo zigilu bereizgarria eramango dute akordio honen bidez salduko diren arkumeak.
Bertakoa bertan kontsumitu
Mariano Imazek hitz egin zuen aurkezpen ekitaldian Larsabi elkartearen izenean. Kanpaina berriaren xehetasunak ematean, kopuruak emateaz gain, bertako arkumea kontsumitzeko deia egin zien herritarrei. Kontsumitzaileei zigiluak ematen dien segurtasuna eta bermea aipatu zituen, «arkume honen hazkuntza naturala, osasuntsua eta hemengo ingurumenarekiko errespetuan egindakoa» dela egiaztatzen duelako, «kalitate goreneko produktua da».
Latxa arkumea Uvesco-BM saltokietan egongo da salgai, eta enpresa honekin lortutako akordioa oso positibotzat jo zuen Larsabiko ordezkariak, «hemengo arkumea hemen bertan kontsumitzea delako helburua». Izan ere, akordio horri esker, iazko kanpainan salmentara ateratako arkumeen %35 bertan kontsumitu ziren 2016-2017 kanpainan %10 bakarrik eta aurten %70ean jarri dute erronka. Portzentaje hori handitzen joateko komertzializazio kanal berriak lantzen jarraituko dutela ere adierazi zuen Imazek.
Iruzurrari aurre
Bestetik, euskal eta napar administrazioei eskaera luzatu zien, «iruzurraren aurrean» neurriak har ditzaten. Imazek adierazi zuenez, hemengo arkumea izango balitz bezala Europako hainbat herrialdetakoa saltzen ari da, eta horrek «artzainon etorkizuna baldintzatzen du».
Kontsumitzaileei «erne» egoteko gomendioa egin zien, eta arkumea erosi aurretik, bere jatorria eta ezaugarriak adierazten dituen trazabilitatea ondo begiratzeko etiketan, «kanpokoa» ez erosteko. Informazioa garrantzitsua dela erantsi zuen, eta horregatik esku orri bat argitaratu dute Larsabikoek, latxa arkumearen ezaugarrien berri zabaltzeko. Eskuorri horretan, besteak beste, latxa arkumea «amaren esnearekin soilik hazitakoa» dela jasotzen da, «Hego Euskal Herriko haztegietan jaio, hazi eta hiltegietan hildako arkumea», hain zuzen.
Bertako produktuen alde
Uvesco-BM enpresako ordezkari Iñaki Adurizek, bere aldetik, «saltokien eta supermerkatuen artean dagoen lehia handiari aurre egiteko kalitearen, zerbitzuaren eta bertako produktuen alde» egiten duten apustuaren barruan kokatu zuen Larsabi osatzen duten artzainekin bigarren urtez jarraian sinatu duten akordio hau.