Goierriko Bertso Eskolak Goierriko Bertsozale Elkartea izena hartu du. Belaunaldi aldaketarekin batera, elkartea berrantolatu dute. Odei Igual beasaindar gaztetxoak logotipo berria egin du
Goierriko Bertso Eskolaren jarraipen gisa, eta Odei Igual beasaindarrak egindako logotipo berriak lagunduta dator Goierriko Bertsozale Elkartea. Ainhoa Mujikaren esanetan, «elkartea 1982an sortu zen. Ibilbide luzea eta oparoa izan du, hortaz. Eta gaur egun aldaketa garaian gaude. Belaunaldi aldaketarekin batera, elkartea berrantolatzeari ekin genion duela pare bat urte. Sorrerako kideen, haien ondoren lanean aritutakoen eta belaunaldi berrien artean hausnarketa luze bat egin eta gero, egun esku artean proiektu berri bat daukagula esan dezakegu».
Honela, Goierriko Bertso Eskola zena, Goierriko Bertsozale Elkartea da orain, Legorretatik hasi eta Legazpirainoko herri guztietako bertsozaleen elkartea. «Orain arte Legazpi eta Urretxu-Zumarragakoekin elkarlanean ari garen arren, hemendik aurrera, bat eginda aritu nahi dugu». Horrekin batera, izen berriarekin «elkartea bertso eskola baino gehiago dela adierazi nahi dugu. Zalantzarik gabe, gure ikasle taldeak sustatzen eta indartzen jarraituko dugu, baina Goierriko bertsozaleei eskolez gain aukera gehiago eskaini nahi dizkiegu». Besteak beste, urtean zehar hitzaldiak, ekitaldiak eta saioak antolatuko dituzte.
Izenaz gain, irudia ere berritu nahi izan dute. Goierriko gaztetxoen artean egindako lanen artean, Odei Igual beasaindarraren logoa aukeratu dute etapa berrirako.