Garabide Hizkuntza lankidetzarako gobernuz kanpoko erakundeak antolatu du. Gaur harrera egin diete Beasaingo udaletxean 8 hizkuntza gutxietako 12 agintariei. Beasaingo Udalak hitzarmena sinatuko du Garabiderekin.
https://youtu.be/Z8RpHDaaXbg
Urte luzeetan euskararen normalizazio bidean lortutako ezagutza eta esperientzia oinarri hartuta, Afrika iparraldeko eta Hego eta Erdi Amerikako herri indigenen hizkuntza gutxituak biziberritzeko formazioa eta aholkularitza proiektua garatzen ari da Garabide gobernuz kanpoko erakundea. Urriaren 30era bitartean, 140 orduko
Hizkuntza biziberritzeko gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoa jasotzen ari dira Aimara (Bolivia), Amazigh (Maroko), Nahuatl (Mexiko), Maputxe (Txile), Yukatango Maia (Mexiko), Kitxua (Ekuador), Kaqchikel (Guatemala) eta Nasa (Kolonbia) hizkuntza komunitateko hamabi arduradun.
Gaur eta bihar Beasainen izango da taldea, Garabidek Beasaingo Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker. Gaur, 12:00etan, harrera egin die Aitor Aldasoro alkateak, eta ondoren, udal euskaltegian, bi orduko ikastaro trinkoa jasoko dute, eta bazkalondoren, beste bi orduko bat.
Bihar, sentsibilizazio saioa
Garabideren beste helburuetako bat hizkuntza kooperazioaren inguruan euskal gizartea sentsibilizatzea ere badenez, bihar, 19:00etan, Igartzako jauregian, solasaldi irekia egingo dute. Jon Sarasua Garabideko presidente ordearekin batera, Milouda El Hankari (Amazigh-a, Marokotik), Paula Huenumilla (Maputxea, Txiletik), Leonardo Duran Olguin (Nahuatl-a, Mexikotik) ariko dira. Bertan, hizkuntzaren sentsibilizazioa eta biziberritzeko esperientzien trukerako tartea eskainiko da. Solasaldiaz gain, Garabidek ekoitzitako
Arnasa txikitxuak bideoa ere proiektatuko dute.
Lankidetza hizkuntzatik
Batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan lan egiten du Garabidek; 2005. urtean hasi zen. Herri indigenetako hizkuntzen biziberritzean egiten du lankidetza Garabidek: «Zergatik? Gure herriak munduarekin partekatzeko esperientziarik edo jardunbiderik badu, hori euskararen biziberritze esperientzia delako eta uste dugulako gure ardura dela hegoaldeko herriekin hori partekatzea». Era horretan, herrialde horien garapenearen erdigunean hizkuntza jartzen dute; «hau da, hizkuntzatik abiatuta gizartea garatzea, eta beraz, modu transbertsalean lantzea kooperazioaren berezko helburuak: giza eskubideen defentsa, ekitatea, genero berdintasuna eta jasangarritasuna,besteak beste».
Beasaingo Udalak hitzarmena Garabiderekin
Beasaingo Udalak Garabide erakundearekin bost urterako hitzarmena sinatuko du datorren urtean, hizkuntza gutxituetako herrialdeekin elkarlanean aritzeko. Horretarako, garapen bidean diren herrialdeei bideratzen dien aurrekontuaren %1tik laurden bat zuzenduko du Garabide elkartearekin sinatuko duen hitzarmenera. Udalak jakinarazi duenez, honela, “garapen bidean dauden herrialdeei eskainiko zaien laguntzaren barruan kooperazio linguistikoa bultzatu nahi da herrialdeen nortasunaren alde eginez”.