Beasaingo udal gobernuari zuzendua
Barkatu gutun honek sortu ahal dizkizuen eragozpenak, baina herritarrok bezain ulerkorrak izango zaretelakoan nago (hori da askotan errepikatzen duzuen esaldia behintzat gure kaleko atarietan jartzen dituzuen udaletxeko komunikatuetan...). Zazpiturrie...
Barkatu gutun honek sortu ahal dizkizuen eragozpenak, baina herritarrok bezain ulerkorrak izango zaretelakoan nago (hori da askotan errepikatzen duzuen esaldia behintzat gure kaleko atarietan jartzen dituzuen udaletxeko komunikatuetan…). Zazpiturrieta kaleko bizilaguna naizen aldetik, eta azkeneko urtean gure kalearen eraberritze lanak direla eta, horrelako udal komunikatuak izan ditugu: «kale honetan obrak direla eta .. barkatu eragozpenak, ulertuko duzuelakoan».
Obrak 2017ko maiatzaren 20tik abenduaren 22ra iraun zuen, eta bertako bizilagunek onartu behar izan genituen hainbat buruhauste, kale hobea, espaloi handiagoa eta abar izango genituenaren itxaropenez. Emaitza, ordea, ez da izan uste genuena: espaloia handia geratu da, baina aukeran handiegia, eta errepidea ordea oso-oso estua… eta 5 aparkaleku gutxiago behintzat bai.
2018ko apirilean beste udal komunikatu bat jarri ziguten: «Zazpiturrieta kaleko obrak direla eta kalea itxita egongo da apirilaren 10etik 26ra… Barkatu eragozpenak». Tira pentsatu nuen, behintzat konturatu dira ez dagoela ondo eta zerbait hobeto utziko dute, nahiz eta berriro ezin aparkatu auzoan, lanen zaratak, eta abar. Emaitza ordea geroz eta kale okerragoa dugula da: estua kotxearekin pasatzeko, estua aparkatzen dudanean nire umeak kotxetik ateratzeko pasatzen ditudan arriskuak, ezin karga deskarga motz bat egin ere…
Pasa den astean jaso genuen azken abisua: «Maiatzaren 2tik 26ra barrakak datoz eta ezingo da aparkatu Gipuzkoa Plazan». Honek ikaragarrizko errebote efektua sortzen du eta kale eta auzo inguru horretan benetako arazoak izango ditugu aparkatzeko. Zazpiturrieta kalean egindako lanen kostua ikusirik (255.000€) ez dakit udal bezala zein balorazio egin duzuen, baina niri behintzat galdera hauek datozkit burura:
-Bizilagunak gustura geratu al dira?
-Apirileko lanen kostuen (X euro) ondorioak?
-Beasainen benetan behar al da barrakak festak hasi baino 10 egun lehenago etortzea?
Denon diru publikoa da eta uste dut auzo honetako bizilagunok ez dugula emaitza hau merezi. Nire haserrea ulertuko duzuelakoan, barkatu eragozpenak.