Goierritarren arteko futbol derbia golik gabe amaitu da
Hamar urteren ondoren, Hirugarren Mailako Goierriko bi futbol taldeek, Beasainek eta Ordiziak, derbia jokatu dute, Beasaingo Loinatz zelaian. Ira- bazteko asmoarekin atera ziren bi taldeak baina, azkenean, puntu bana eraman zuen bakoitzak, golik gabe a...
Aurreko denboraldian Ordiziako futbol taldea Hirugarren Mailara igo eta gero, denboraldiko jardunaldi berezienetakoari aurre egin zioten une honetan Hirugarren Mailan dauden Goierriko bi taldeek. Beasaingo Loinatz zelaian izan zen hitzordua, larunbatean. Horrelako egunek zaletuengan ere interes berezia pizten dute, eta bi taldeen kolorez bete ziren harmailak.
Irabazteko ohi baino gogo gehiagorekin egin zuten salto zelaira jokalariek. Lehenengo zatia «oso lehiatua» izan zen, Beasainen entrenatzaile Aritz Imazek esan duenez. «Jokoa oso parekatua izan zen, eta bi taldeok izan genuen aukera garbiren bat. Baina husna joan ginen atsedenaldira», gehitu du Imazek.
Bigarren zatia ere sintonia berean igaro zen. Aukeraren bat edo beste izan zuten bi taldeek, baina markagailuan aurretik jartzea lan zaila izan zen.
Norgehiagokaren inguruko antzeko adierazpenak egin ditu Ordiziako entrenatzaile Kepa Jauregik ere: «Partida serioa eta oso parekatua izan zen». Dena den, ez dago guztiz ados epaileak hartutako erabakiekin. Izan ere, jokoz kanpoko jokaldia argudiatuta, bi gol ez zituen ontzat eman. Horrez gain, «etxetik kanpo lortutako puntuarekin pozik» dago Jauregi.
Bueltakoa Ordizian
Goierritarren arteko hurrengo derbia Aste Santu inguruan izango da, Altamirako zelaian. Bi entrenatzaileek adierazi dutenez, «garaipena eskuratzea» izango da helburua.