EAJko eta PSE-EEko hamar zinegotzien botoekin onartu dira azkeneko udalbatzan. EH Bilduk kontra bozkatu du. Inbertsioetarako 3.000.000 euro aurreikusi dituzte
Azaroko udalbatzaren osoko bilkurak 2019ko udal aurrekontuaren proiektua onartu zuen, EAJko bederatzi eta PSE-EEko zinegotziaren botoekin; EH Bil- duk kontra bozkatu zuen. 16.700.000 euroko kopurua aurreikusi da 2019rako, eta inbertsioen atalean 3.000.000 euro inguru inbertituko dira. Udalaren esanetan, «ongizate atalean presazko beharrei erantzuteko diru partidak igo dira, eta oposizioak udal gobernuari egindako proposamen guztiak txertatu dira». Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «udalaren egoera ekonomikoak ezin hobea izaten jarraitzen du kudeaketa eraginkor eta zorrotzari esker, eta 10 milioi euro inguruko soberakina du etorkizunean sor litezkeen beharrei erantzuteko».
Ekonomiak, enpleguak eta ongizateari lotutako inbertsioek eta proiektuek izango dute lehentasuna 2019an. Enplegu plana eta ekintzaileak sustatzeko aukera berrien azterketa egingo dute eta «langabeziari aurre egiten jarraitzeko formazio espezifikoa babestu». Ekonomiaren alorrean, Ezkiagan azoka ezartzea, azoka berezia indartzea eta merkataritza sustatzeko ekimen berriak aurreikusi dituzte.
Herritarren ongizate zerbitzuak indartzeko 745.000 euro bideratu dituzte. Puntuz puntuko taulan ageri direnez gain, 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan su detektagailuak jartzea, Botiltzar eta Lonjalaket prebentzio kanpainak, itsuentzako semaforoa Juan XXIII.a kalean jartzea, kalean desfibriladoreak jartzea eta ikastaroak ematea, eta Arana kalerako
Arana Elkar-Ekin egitasmoak daude.
Bestalde, «nortasunaren adierazle» diren kultur eta kirol jarduera eta hizkuntzarekin loturikoen artean, orain artekoak mantenduko dituzte. Berrikuntzen artean daude Bonberia eraikina dantzari lotuta aktibatzea, Lazkaoko Beneditarrekin eta Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena, skate parkea berritzea eta pump track gune bihurtzea, eta udaleku itxiak sortzea.
Oposizioaren ekarpenak
Aurekontuetan oposizioak aurkeztutako proposamenak txertatu dira. Alderdi sozialistak proposatutakoak, etxeko biolentzia kasuetarako arreta zerbitzurako kontua, Igartzako futbol zelaiko belar aldaketa eta barandillen pintaketak izan dira. EH Bildurenak, berriz, Gaztetxearen mantentzerako (15.000 euro), jolas inklusiboetarako, Kiroldegiko sarrera kanpoko igerilekuetara sartzeko egokitzea eta tasen berrikuspena, eta adineko pertsonen egoerari buruzko azterketa psikosoziala egiteko proposamena txertatu dira.
Hainbat partida
Ongizatea
· Etxez etxeko laguntzan %15eko igoera (500.000 euro).
· Etxebizitza babestuak. %10eko igoera (175.000 euro).
· Esku hartze familiarrean adin txikikoak dituztenen artean, %20eko igoera (70.000 euro).
· Adineko pertsonen diagnostikoa, 50.000 euro.
Inbertsioak
· Igartzako urmaela. 30.000 euro.
· Natur bidea eratzea. 50.000 €.
· Urbi Etxeko lokalen erosketa. 300.000 euro.
· Usurbe Antzokiko egokitzapena. 300.000 euro.
· Gernika pasealekua. 700.000 €.
· Dolarea parkea. 1.000.000 euro.
· San Inazio kalearen hobekuntza aztertzea. 100.000 euro.
EH Bildu aurrekontuen aurka azaldu da, «pazientzia agortu» zaielako
EH Bilduko sei zinegotziek aurrekontuaren aurka bozkatu zuten, «mesfidantzagatik eta pazientzia agortu zaigulako». Aitor Labururen esanetan,?«legealdi osoa daramagu udal gobernuaren errespetu faltak jasaten». Honela, «gobernura iritsi» eta lehenengo neurria soldatak igotzea izan zela gogoratu du, eta «ondoren, hartutako erabaki orok, guk martxan jarritako edo gauzatutako ekimenak bertan behera uztea zuten helburu, horretarako bide politikoa eta judiziala erabili dituztelarik». Horren harira, «udala galtzaile atera da bietan, eta abenduaren 19an gure bi zinegotzi berriro doaz Donostiako epaitegietara».
Udaleko 11 batzordeak «deuseztatzea» ere salatu dute, «tramite hutsa diren hiru azpi bilera sortu dituzte, gaiak lasai lantzeko inolako fororik gabe. Oposizioa desagertu arazi nahian». Horrekin batera, «legealdi galdu bat izan dela» gaineratu dute, «beraien programan esandakotik ezer ere ez dute aurrera eraman eta berdin legealdian zehar egindako proposamen desberdinekin. Bonberia, bertako zubia, Olaran, Dolarea parkea, zinea, mugikortasuna…». Horregatik, «guk ez dugu kudeaketa txarraren konplize izan nahi».
Igartzako kudeaketaren esleipenaren inguruko auziak ere izan du zerikusia EH Bilduren ezezkoan: «EH Bilduren abstentzioarekin, Igartza multzoaren kudeaketa eramateko esleipena egin zuen udalak, ekaineko plenoan, eta Aldabe enpresari esleitu zitzaion. Lau hilabete ondoren jakin dugu, errekurtso bat dela medio, esleipena geldituta dagoela. Errekurtsoaren epaia urrian izan bazen, zergatik ez digute ezer esan orain arte?».
Ezkutuan ibiltzea leporatu diete: «Zergatik biltzen da udal gobernua errekurtsoa jarri duen enpresarekin astero ezkutuan? Ezkutuan ibilita zer lortu nahi du? Udal gobernuak zergatik ez ditu herriaren interesak defendatzen eta bai enpresa pribatu batenak? Zergatik erabakitzen da lehiaketarekin aurrera jarraitzea udal idazkariaren irizpidearen kontra? Guk argi daukagu Igartza monumentu multzoaren kudeaketa publifikatzeko bideari ekin behar diogula».