Saminetik saria Mendizabalentzat
Gabiriako Osinalde 46. Sariketa Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi du. Oraintsu hildako lagun bati eskaini dio. Bigarren Maider Arregi, eta bertso onenagatik Maialen Akizu sarituak.Bizitzaren ifrentzuak eta zeruak bat egin zuten Osinalde sariketan,...
Gabiriako Osinalde 46. Sariketa Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi du. Oraintsu hildako lagun bati eskaini dio. Bigarren Maider Arregi, eta bertso onenagatik Maialen Akizu sarituak.
Bizitzaren ifrentzuak eta zeruak bat egin zuten Osinalde sariketan, Unai Mendizabalengan. Bi egun lehenago lagun bat hil zitzaion, istripuz, eta hiletatik joan zen Gabiriara. Kuadrillako gainontzekoek babestu zuten. Samina zerbait arindu zion 46. Osinalde Saria irabazteak. Saio oso ona eginda, Unai Mendizabal da (Zizurkil, 1992) Osinalderen irabazlea. Garaipena, jakina, Asier Saralegi lagunari eta kuadrillakoei eskaini zien, entzuleen txalo zaparrada luzeak hunkituta.Bigarren Maider Arregi oñatiarra izan da. Berez, entzuleen saria ere Mendizabali izendatu zioten, baina sari bat baino gehiago bertsolari berari ez emateko ohitura dagoenez, txapeldunordea sailkatu dute. Bertsorik onenarena, berriz, Maialen Akizu urretxuar-gabiriarrak jaso du, 10eko txikiko lehen bertsoagatik («mutil batez ari da maitemintzen, baina zuri esaten ez da atrebitzen» bukatua).
Goi mailako saioa eta plaza
Mendizabal, Arregi eta Akizu sarituak nabarmendu ziren, eta paretsu amaitu zuten puntuazioan. Baina ez beste hirurak (Jon Gurrutxaga, Eneko Araiztegi eta Aratz Igartzabal debutaria) kamuts jardun zirelako. Saioa «oso ona» suertatu zen, batez ere bigarren erdian.
Publikoa ere, «inoiz izan den gehiena» bai. Eskaileretan eserita entzun zuten batzuek. Mukuru bete zen Osinalde elkartea.