Gabiria eta Legazpi arteko auzoko festak bihar hasiko dira, asteburu osoan eta 18an ospatzeko. Bertso-afaria da berritasuna, larunbatean. Auzotar bat omenduko dute
Santa Marina egunaren aurretik ospatuko dituzte aurten aztiriarrek festak. Uztailaren 18an da eguna, baina bihartik igandera izango dira ekitaldi gehienak Aztiria auzoan, Gabiria eta Legazpi arteko muinoan.
Ohi bezala, jaietako ekitaldi jendetsuena mendi karrera izango da. Igandean jokatuko da Aztiriko 13. Mendi Lasterketa, 11:00etan hasita. Iaz ibilbidea aldatu zuten, goi mendi gehiago sartuta. Parte-hartze kopurua asko igo zuen horrek, eta aurten ere harrera ona izateko osagai guztiak ditu. Izena goiz berean eman behar da (5 euro).
Ibilbidea 10,5 kilometrokoa da. Aztiriatik abiatu, Makatzaga baserrira jaitsi, Aizaleku magaletik Lizardira igaro, eta plazara igoko dira. Bigarren itzulian Otañu gaineraino (835m) igoko dira. Aizpurutik buelta eginda iritsiko dira handik helmugara.
Lehen hiru mutilek eta neskak jasoko dituzte sariak: 60, 40 eta 30 euro, eta garaikur bana. Lehen herritarrak ere (Gabiriakoa zein Legazpikoa) saria dauka, eta sei opari sorta zotz egingo dituzte korrikalarien artean. Hamaiketakoa ere emango diete. 16 urtetik gorakoak irten litezke.
Bertso-afaria, berritasuna
Azken urteotako egitura bera izango dute Santa Marina jaiek, egitarauari dagokionez. Bihar auzotarren artekoa izango da festa, afari eta guzti. Larunba-tean, patata-tortilla lehiaketak 21. ekitaldia izango du.
Bertso-afaria ere antolatu dute, larunbat gauerako, Aztiri-Bat elkartean. Gorka Maiz eta Aratz Igartzabal gabiriarrak, eta Eneko Araiztegi segurarra ariko dira kantuan. Gari eta Iñaki trikitilariak ere ariko dira.
Igandean, auzotar helduenaren omenaldia Biurrainbeheko Juanito Zabaletari egingo diote. Goruntz, herri kirolariak, Gabiriako udalkideen bisita eta bolatea ere izango dira.
EGITARAUA
Bihar
· 18:00. Kanpaiak eta suziriak.
· 18:00. Auzotarrentzat mus lehiaketa (izena 18:15a arte). Bi ustelera. Saria: auzo afaria.
· 19:00. Bola eta toka herrikoia.
· Gero. Elustondo trikitilariak.
· 21:00. Afaria, Aztiria erretegian.
· 23:00. Elustondo trikitilariak.
Larunbata
· 18:00. 21. Patata-tortilla lehiaketa. Pintxo eta ardo banaketa, Gari eta Iñaki trikitilariekin.
· 18:30. Bola lehiaketa.
· 21:00. Bertso-afaria, Aztiri-Bat elkartean: Gorka Maiz, Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi. Gari eta Iñaki trikitilariak.
· Goizalean. Txokolate jana.
Igandea
· 09:00. Txistularien goiz eresia.
· 11:00. 13. Mendi Lasterketa.
· 11:00. Meza eta omenaldia.
· 12:30. Goruntz dantza taldea.
· 13:00. Sari banaketa. Antsorregi eta Narbaiza trikitilariak.
· 18:30. Herri kirolak: Azurmendi eta Otaegi aizkoran. Luis Eraso motozerrarekin irudiak egiten.
· 18:30. Bola eta toka lehiaketak.
· Ilundu arte. Trikitilariak.
Uztailak 18, asteartea
· 11:00. Meza.
· Ondoren. Hamaiketakoa.
Jatetxera aldapa eta jolas parke berria jarri dituzte
Gabiriako Udalak hainbat berrikuntza egin ditu Aztiria auzoan, eta Santa Marina jaietarako prest egongo dira. Batetik, Aztiria erretegira irisgarritasuna hobetu dute. Lehengo eskailera pikoez gain, egokitutako aldapa eraiki dute. Udalaren jabetzakoa da jatetxe-eraikina, eskola izana.
Bestetik, haurrentzat jolas parke berria jarriko dute. Ziburuak eta jokoak atzo iritsi ziren eta gaur muntatuko dituzte.
Legazpiko Udalak, bere aldetik, Santa Marina jaietan Junetorri autobus zerbitzua jarriko du, Aztiriara. Urtatzatik abiatuko da, larunbat eta igande arratsaldean, 17:30, 19:00 eta 20:30ean.