Hiru astean itxita egon ondoren, Gabiriako Ostatuak bihar hasiko du aro berria. Juan Carlos Korta ostalari ezkiotarrak hartu du ostatuaren ardura, lehiaketan. Esleipena astearteko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. Bost urterako kontratua d...
Hiru astean itxita egon ondoren, Gabiriako Ostatuak bihar hasiko du aro berria. Juan Carlos Korta ostalari ezkiotarrak hartu du ostatuaren ardura, lehiaketan. Esleipena astearteko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. Bost urterako kontratua da; probako bat eta lau luzagarri.
Bihar 19:00etan zabalduko du ostalari berriak taberna. Inaugurazio ekitaldia egingo dute. Lehen asteburuan, pintxoak eta ogitartekoak eskainiko dituzte jateko, egokitzen denbora behar dutelako. Bazkariak ematen asteartean hasiko dira, eta hortik aurrera egunero jarraituko dute.
Betiko euskal sukaldaritza egingo dute Ostatuan. Parrillan espezializatuko da, hala ere. «Brasari emango diogu garrantzia. Haragiak eta arrainak parrillan eginak jarriko ditugu», azaldu du Juan Carlos Kortak. Ibilbide luzea du Kortak ostalaritzan: Ezkiotarra jatetxea eduki zuen Zumarragan, eta Legazpiko Batzokia ere kudeatu zuen.
Berritua Ostatuari
Ekainaren 25ean utzi zuten aurreko ostalariek Ostatua. Harrezkero, udalak hainbat lan egin ditu. Lehenagotik hasita, goiko solairu guztia berritu dute, dena gabiriarrek auzolanean. Margotu, led argiteria eta hariak aldatu, telebista-hartuneak gela denetan jarri, eskola-umeen jangelan zoruan tarima bota eta hormak margotu… Etxebizitza ere egokitu dute, komunak aldatuta. Bizitzen jartzeko moduan da orain.
Behean, berriz, zoru guztia altxatu, hezetasunaren aurkako oihala sartu eta atzera zoru berria bota diote. Horma-harria garbitu eta tratatu, led argiak jarri eta berogailu-erradiadoreak garbitu dituzte. Sukaldea sakon garbitu, eta plantxa nahiz hozkailu berriak sartu dituzte.
Tabernan, 1935eko baskula zaharraren lurreko pisua bistaratu dute. Lehengo zurezko tapakia kendu, eta kristalezko zorua eta argiak ipini dizkiote.