Nekazaritza ekologikoa eta elikadura jasangarria gai hartuta, 'Udazkeneko uzta baserritik' egitaraua antolatu dute Goierriko hainbat eragilek elkarlanean
Aikur etxeko Aitor Otegi urretxuarra. Erlezaintza ereduen inguruko mahai-inguruan parte hartuko du.
Nekazaritza ekologikoa eta elikadura jasangarria landuko ditu Goierriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten
Udazkeneko uzta baserritik egitarauak. Zazpi saiotan, baserri eta nekazaritza eredu ezberdinak landuko dituzte, baita eskoletako jangeletan elikadura jasangarria integratzeko moduak ere. Goimen elkarteak eta Ormaiztegiko Udalak sustatu dute egitasmoa, baina Biolurrek, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eta Goierriko hainbat eragilek ere parte hartu dute egitasmoan.
Goimen elkarteko Manex Aranburuk azaldu duenez, joan den urtean Ormaiztegin antolatutako hitzaldi sorta batean du jatorria aurtengo egitarauak. «Ormaiztegin bazegoen halako kezka bat bertako produktuen eta nekazaritzak herri mailan zuen egoeraren inguruan». Aurten, lehen egitasmo hura zabaldu eta «egitaraua zabaltzeko hitzarmen bat» egin dute, udazkenari begira egitarau zabalago bat antolatzeko asmoz.
Egitarauko aurreneko saioan, eztigintza izango dute gaur hizpide Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan. 18:00etan,
More than honey (Eztitik harago) dokumentala eskainiko dute lehendabizi. Eta ondoren, mahai-ingurua egingo dute, eztigintza ekologikoaren bueltan. Urretxuko Aikur etxeko Aitor Otegi, Azkaingo Mikela Untsain, eta Lleidan bizi den Josetxo Rodriguez erlezain donostiarra izango dira hizlari.
Larunbatean, berriz, baratzagintza ekologikoaren inguruko galdera-erantzunak partekatzeko saioa egingo dute, 10:00etan, Ormaiztegiko herri baratzeetan.
Jangeletako elikadura
Nekazaritzaren eta bertako produktuen egoera aztertzearekin batera, ikastetxeetan eta jangeletan egiten den lanaren gaineko kezka agertu dela azaldu du Aranburuk. «Kezka hori gizarteratu nahi dugu, jendeari ezagutarazi». Elikadurak «hezkuntzaren parte» izan behar duela uste du. Hala, ikastetxeak, irakasleak eta gurasoak inplikatu nahi dituzte, baita beste erakunde batzuk ere, «elikadura sistemari dagokionean dena lotuta» baitago. Zentzu horrretan, Sant Cugat del Valles herrian (Katalunia) martxan jarri duten proiektu bat ezagutuko dute, eta nekazal kultura eskoletara nola eraman aztertu. Hori guztia datorren astelehenean izango da, 18:00etan, Zumalakarregi museoan.
Ormaiztegiz gain, beste herri batzuetako eragileek ere parte hartuko dute egitarauan. Datorren astetik aurrera, Ezkion, Gabirian eta Ataunen ere izango dira tailer, erakusketa eta bisita gidatuak.
EGITARAUA
Azaroak 2, osteguna. 18:00etan, Zumalakarregi museoan (Ormaiztegi)
· More than honey (Eztitik haratago) dokumentala.
· Ondoren erlezaintzaz mahai-ingurua: Aitor Otegi (Aikur), Mikela Untsain (Azkaine) eta Josetxo Rodriguez (Lleidako erlezaina)
Azaroak 4, larunbata. 10:00etan, Ormaiztegiko herri baratzeetan.
· Baratzegintza ekologikoari buruzko galdera-erantzunak, Biolurren eskutik.
Azaroak 6, astelehena. 18:00etan, Zumalakarregi museoan (Ormaiztegi)
· Mahai-ingurua: Nola barneratu elikadura jasangarria gure eskoletan, modu integral batean? Bartzelonako Agroeconomía Escolar proiektua, Nekazal Kultura Eskoletara egitasmoa, eta Eat Think 2015 proiektua aztertuko dituzte.
Azaroak 11, larunbata. 16:30ean, Igartubeiti baserri museoan (Ezkio)
· Ardiak suspertzen, ardi arrazak ezagutu, miatu eta sortzeko haurrentzako tailerra, Sandra Clivillé artisauaren eskutik.
Azaroak 15, asteazkena. 16:00etan, Barduliarrak elkartean (Ormaiztegi)
· Ormaiztegiko landa lurren memoria historikoa berreskuratu eta lantzeko lan-mahaia.
Azaroak 19, igandean. Errezil Sagarraren Egunarekin batera (Gabiria)
· Hazi ezkutuen bila erakusketa ibiltaria. Gipuzkoako Erlezain Elkartearen eskutik, azalpen didaktikoak, txapelketa eta erleak bertatik bertara ezagutzeko aukera.
Azaroak 24-26. Asteburuan zehar goizez (Ataun)
· Baserri eredu desberdinak ezagutzeko bisitak: eztigileak, kontsumo taldeak, gaztagileak, baratzezain ekologikoak… Parte hartzeko, Goimen elkartera deitu behar da (943 16 12 44).