In Memoriam, Idiazabalgo Maddi
GUTUNA – Dionisio Amundarain (Lazkao)
Kaixo, Maddi!
Hire moto-istripuaren albisteak gogor erasan zidan. Samina apur bat arintze aldera, hire liburuari –Auto Ibilbideak– gainbegiratu bat ematera jo dinat.
Izan ere, liburu hori ontzen ari hintzela, hire barru atsegin, xume, arduratsuaren testigu izateko aukera izan ninan. Memento hura gogoberritu nahi izan dinat.
Bide batez, ikertzaile, pentsalari eta gogoeta-egile bezala, orduan agertu huen gaitasunak ere hire nortasuna pixka bat ezagutzeko eta miresteko parada eman zidanan.
Liburura joan eta hire hiru nortasun-ezaugarri horiek gogora ekartzean, hire argazki bizia bistaratu nahi izan dinat. Dena, hire ezbeharrak eragindako bihotz-mina leuntzeko.
Aldi berean, liburuari begiratu hori ematean, oraingoan oso arina, hire gogoeta edo konklusio batzuk xurgatu eta bildu ditinat, bakan-bakan batzuk bakarrik, lagin labur gisa. Hire nortasuna biziberritzen lagundu zidaten. [Balizko irakurleak jakingo ahal din, baratze joritik atera eta bakan aurkezten ditudan hauek, beren testuinguruan edo jatorrizko lur gozoan berrezarririk hartzen eta interpretatzen].
- «…autoen ekoizpena suspertzeaz eta auto pribatuen salerosketa handitzeaz gain, autoa ezinbestekoa den ideia zabaltzen zen hiritarren artean. Posizionamendu hauek, gobernuenak, oso kontuan hartzekoak dira, askotan defendatzen duten eramangarritasunaren ideiarekin ez baitatoz bat» (76-77 or.).
- «Pixkanaka, eta hirietan oinezkoek motordun ibilgailuen aurrean lehentasuna izan behar dutela aldarrikatzen duten gizarte-mugimenduekin batera, plangintza-politikak traffic calm mugimenduak emandako zenbait aholku kontuan hartzen hasi ziren. […] Eredu erlaxatuago bat defendatzen da, abiadura nagusi izango ez den eredu bat, barealdia eta lasaitasuna hiriguneetan eguneroko ezaugarri izango dituena» (82-83 or.).
- «Traffic Calm-en ideiak Goierriko bizilagun batzuk zenbait ekimen abian jartzera eraman ditu. Gizarte-ekimen hauek autoari alternatiba bilatzen saiatu dira. Autoak etxean uzteko eskaerak eginez, bizikletaren aldeko aldarria eginez zein oinez ibiltzearen alde agertuz» (93. or.).
- «Egungo automobil pribatuak behar bat izateari utziko dionean, autoak gizarte egituratzaile izateari utziko dio, garraio-sistema beste era batekoa izango da. Gizakiak berezkoa du mugitu beharra eta orduan ere hala jarraituko du. Baina espero dezagun orduan gazteak askeago izango direla, gizarte kontsumistaren kanonetatik askeago, eta gizarte-egituraren akatsen erantzukizunaren mailan askeago» (204. or.).
–Dionisio Amundarain (Lazkao)