Gaur hasiko dira Legorretan Azintzioak, suziriaren jaurtiketa eta Sabino Fernandezen pregoiarekin. Gizon Pikua udaletxeko balkoian egongo da festen azken egunera arte
Legorretarrak prest daude gaur arratsaldean Azintzio jaiei hasiera emateko. Bost egun dituzte aurretik, igandera arte luzatuko baitira festak. Azintzio eguna bihar da, eta ohitura duten bezala, bezperan ekingo diete jaiei. Aldaketa handirik ez dute aurtengo festek, aurreko urteetatik, dena den, izango da eskaintza berriren bat edo beste..
Gazte Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finalekin hasiko dira Azintzioak, 17:00etan. Bikoteka arituko dira; Kepa Jauregi eta Lander Iparragirre, Aitor Bergantiños eta Aitor Zunzunegiren aurka.
Azintzioen hasierako suziria 19:00etan botako dute eta Sabino Fernandez legorretarra aukeratu dute aurten pregoia botatzeko. Gero, herriko ikur den Gizon Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute, igandera arte. Jaiak ofizialki hasita, bertso erronka egingo dute 19:30etik aurrera. Maialen Akizu, Manu Goiogana, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal, Eli Pagola eta German Urteaga ariko dira bertsotan. Aurkezlea Felix Artola izango da eta Olaso tabernatik abiatuko dira. Iluntzean, lagunarteko afaria egingo dute Bilkoin elkartean.
Eskaintza berrien artean, haur eta helduentzako puzgarriak antolatu dituzte bihar gauerako. Larunbatean, berriz, wipeout puzgarria gazte eta heldentzako
Sabino Fernandez pregoilari
Sabino Fernandez, sukaldari gisa, Tolosako Babarrun astean irabazle izan zen 2002an. Legorretan ez da eragilerik Fernandezek prestatutako bazkari goxoa eskaini ez duenik. Legorretan udalak edo herriko beste edozein taldek bazkari handi bat prestatu behar izan badu, Sabino Fernandezek beti eskaini du bere laguntza musu truk.
Legorretan hain oparoa den besteenganako debaldeko la- guntzaren lekuko izan da beti Sabino Fernadez, eta aurten bera izendatu dute irabazi xederik gabe herrian hainbeste lan egiten duten elkarte, erakunde, eragile eta pertsonen eredu gisa, guztiei eskerrik beroenak emateko.