Olaberrian jokatu den Eliteko Pala Txapelketan munduko zortzi txapeldun aritu dira. Toki eta aldi gutxitan bezalako partidak ikusi ahal izan dira, 5. urtez. Kadeteak ere bai
Bakoitzak dakienetik gogotsu eta ondo egindakoan, Goierrik zer-norainoko aukerak dauzkan inork ez daki, oraindik. Ez kalitatez, ez neurriz. Olaberrian izan da ahalmen horren erakusgarria, abenduaren 6tik 8rako
zubian. Herriko palariek, bosgarren urtean jarraian, Eliteko Pala Txapelketa antolatu dute. Kirol horren zubia eraiki dute, eskualdearen eta munduaren artean.
Izan ere, goi mailako partaidetza lortu du txapelketak, beste behin. Munduko palari onenak elkartu direla esateko lotsarik ez da kasu honetan, ezta harrokeriarik ere: munduko txapeldun izandako zortzi pilotarik jokatu dute Olaberriko udal pilotalekuan. Tartean zen Javier Labiano iruinsemea, urrian Bartzelonan Munduko Txapelketan jantzitako txapela berriaren jabea.
Ezustekoak emaitzetan
Emiliano Skufca izan da, aurreko urteetan bezala, Olaberriko karteldegiko izen nagusietako bat. Argentinarraren joko moldea ikusgarria da, eta astindu ditu aurten ere frontoiko hormak. Baina besteek ere jokatzen badakitenez —nola, gainera—, izenak bakarrik ez du garaipenik ziurtatu. Pala motzean, Skufcak eta Pierre Casteran frantziarrak finalaurrekoa aise atera bazuten ere, finala Carlos Baeza-Imanol Ibañezek irabazi diete (40-38).
Labianok ere ezin izan du Olaberrian txapela jantzi, finalaurrekoetan erori baitzen, Mikel Sanz lagun, hain justu gero txapeldun aterako zen Baeza-Imanol bikotearen aurka (40-29).
Paleta larruaren modalitatean, Eduardo Plano eta Dani Ramos iruindarrek irabazi dute (35-30). Txapelketako bi goierritarretako bat, Azeari Andonegi —Beñat Ibarguren bestea—, finalista izan da, Clement Milhet baigorriar aurrelaria lagun duela.
Hirugarren finala, gazteek
Berritasun nabarmen bat izan du aurtengo txapelketak: kadeteen saila sortu dute. Euskal Herriko onenetakoak ekarri dituzte, tartean Iker Garrido eta Xabier Naldaiz olaberritarrak. Etorkizuna badu palak.
Eliteko pala txapelketa
Olaberria, Finalak (ab.8)
· Kadeteak. Iker Larrarte-Xabier Sanchez 30 / Asier Martinez – Jon Ezkerra 21
· Paleta larrua. Eduardo Plano- Dani Ramos 35 / Clement Milhet – Azeari Andonegi 30
· Pala motza. Carlos Baeza – Imanol Agirre 40 / Pierre Casteran – Emiliano Skufca 38