Bermeoko Udalak Zarragoitxiko
auzokideekin elkarlanean ari dela azaldu du.
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, Zarragoitxi kaleko auzokideekin batzartu ondoren, “beraien beharrizan batzuei erantzuna ematen” ari dira.
Zarragoitxi kalea. Argazkia: Bermeoko Udala
Modu horretara,
kalearen egoera hobetzeko hainbat lan egin dituztela azaldu du alkateordeak. Esate baterako, hidrogarbigailuagaz garbitasun bereziak egin dituzte, margoketa lanak, zuhaitzak ebaki dituzte eta igogailurako bideko zuhaitzak ebaki dituzte. Ibarrolazaren berbetan, egindako lanekin “bideak argitasuna eta segurtasuna irabazi ditu”.
Auzoan kokatuta dagoen
igogailuan ere hobekuntzak egingo direla jakinarazi du: sabaia konpontzeko lanak egingo dituzte, igogailuaren egitura margotuko dute eta argiteria hobetzeko lanak ere egingo dituzte. Era berean, egoera txarrean dauden txapak kenduko dituzte eta material berriak erabiliz konponketak egingo dituzte, modu horretara ekintza bandalikoak saihesteko.
Ildo horretan, alkateordeak esan duenez, gune horretan
segurtasuna hobetzeko helburuagaz Udaltzaingoaren presentzia areagotu dute.
Emergentzi plana. Zarragoitxiko egoera hobetzeko lanekin batera, Herri Babeseko Jon Ojangurenek emergentzi plana landu duela nabarmendu dute. Irune Ormaetxea Urigintza zinegotziak azaldu duenez, “plan hori kontuan hartuta Zarragoitxi kaleko eta ingururako Bermeoko Udalean
proiektu bat lantzen ari gara gunearen egoera eta irisgarritasuna hobetzeko”.
Izan ere, apirilean Zarragoitxi eta herriko beste gune batzuen azterlan soziourbanistikoa egingo zuela iragarri zuen Bermeoko Udalak.
Azterlan horren barnean, auzokideen artean 620 inkesta banatu zituzten. Emaitzekin Eusko Jaurlaritzak
diru laguntza bereziak ematea bilatzen du udalak, auzo horiek gune degradatu modura izendatzea lortuz gero. Horrela, Zarragoitxi biziberritu eta horien irisgarritasuna bermatzeko asmoa dute, Bermeoko beste gune batzuen parean jarriz.
Ormaetxearen berbetan, udala Zarragoitxiko herritarrekin “elkarlanean” arituko da, “Zarragoitxi hobetzen jarraitzeko helburuagaz”.