Nesken Xistera Zirkuitua Ereñora dator
Madrilgo torneoaren ostean, Nesken Xistera zirkuitoak Ereñon izango du hurrengo geldialdia. Ortiz de Mendibil eta Arbe, Landaren eta Arriolaren kontra lehiatuko dira Ereñoko Udal Pilotalekuan, domekan [urriak 21]. Ziortza Landa Ereñoko zesta eskolakoa da, Esti Arriola Berriatutakoa, Izaro Arbe Markina-Xemeingoa eta Maite Ortiz de Mendibil Hondarribiakoa.
Xistera Zirkuituaren partiduaren aurretik, lagunarteko hiru kiniela jokatuko dituzte, 10:30ean hasita.
Euskal Herriko klubetako 28 zestalari bilduko dira Ereñon. “Esaterako, Ereño Jai Alai eskolako lau neskak parte hartuko dute”, zehaztu du Sabino Olarreta udalerriko zesta eskolaren ordezkariak. Besteak beste, Markina-Xemeingo, Berriatuko eta Mutrikuko eskoletako kideek ere parte hartuko dute.
Euskal Herrian sortu den azken zesta eskola da Ereñokoa. Orain dela hiru urte hasi ziren martxan, eta gero eta kide gehiago direla esan du Olarretak. 270 biztanleko udalerrian daude, eta eskola txikia izan arren, bertako zein inguruko ume, gazte zein helduak ari dira zestan jokatzen.
Apurka-apurka indarra hartu dutela, eta gero eta gauza gehiago lortzen ari direla azpimarratu du. Esaterako, udalak sare berria jarri die eta enpresa pribatu baten ekarpenari esker markagailua jarri dute. Hiru urteko ibilbide honetan izaten ari diren laguntza eskertu du Olarretak. “Udalaren zein enpresa eta norbanakoen laguntzari esker gauza garrantzitsuak lortzen ari gara, eta gurasoen inplikazioa ere nabarmentzekoa da”. Halaber, Xisterarentzat ere esker oneko berbak ditu: “Euskal Herriko eskola gehienok gaude bertan, eta aurten, Ereño Xistera Zirkuituan sartu dute, eta eskertzeko da”.