Pataterrixe kultur elkarteak antolatuta, hirugarrenez Nazioarteko Putxera Lehiaketa egin dute gaur Morgan. 09:00etatik 11:00etara bitartean eman dute izena parte hartzaileek. Aurten aurreko lehiaketetan baino jende gehiagok parte hartu du. Hain zuzen ere, 68 putxera aurkeztu dituzte guztira.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, partaide asko herrikoak izan badire ere, beste hainbat inguruko udalerrietatik hurreratu dira Morgara: Gernika-Lumotik, Balmasedatik edota Getxotik joan dira Putxera Lehiaketan parte hartzera.
13:30etik 14:30era, prestatutako lapikoak epaimahaiaren aurrera eraman dituzte. Jose Antonio Bastegieta ‘Marko’, eta Valentin Galin aritu dira lapikokoak dastatzen, eta Iker Galin putxeren aurkezpena baloratzen ibili da.
Aurkeztutako putxeren artean egon den maila ona nabarmendu dute epamahaiko kideek, eta parte hartzeagaz “oso pozik” azaldu dira lehiaketaren antolatzaileak.
Denentzako sariak. Bukatzean, partaideak Morgako frontoian batuko dira bazkaltzeko. Sabelak bapo bete ostean sari banaketa izango dute. Pataterrixeko kideek azaldu dutenez, partaide guztiak sarituko dituzte.
Modu horretara, irabazleak txapela, putxera, txakoli lotea eta 175 euro jasoko ditu;?bigarren egiten duenak putxera, txakolin lotea eta 130 euro eramango ditu; hirugarrenak Txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 90 euro; laugarrenak txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 50 euro; bosgarrenak txakolin lotea, 2 kilo indaba eta 25 euro, eta seigarrenetik 15era egiten dutenak txakolin lote bana eta 20na euro.
Sari horiekin batera, Morgako putxerarik onenak ere saria hartuko du: txapela eta 50 euro eramango ditu herrikoak.