Beste urte batez, Izaro uhartearen jabetza aldarrikatu du Bermeok Madalen Egunean.
Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak esan ostean, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazi du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek Juanjo Bereziartua bermeotarrak margotutako teila uretara bota ondoren.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatea teila botatzen.
Bidegurenek adierazi duenez, “aurten tradizioa, jaia eta artea batzen dira bermeotarrentzat hain garrantzitsua” den egunean. Bereziartuari eskerrak eman dizkio alkateak, “hain berezia den Madalen egunerako arte lana den teila diseinatzeagatik”.
Eguerdian batu dira Bermeoko udaleko kideak herriko Goiko Plazan, eta hortik txistulariekin batera porturantz abiatu dira. Gainera, Bidegurenek egun honetan “orain dela gutxi joan den Ramon Garaizar” Kankinkabara Txistu Taldeko kidea eta Udaldeko lankidea gogoratu nahi izan du: “urteetan zehar gurekin batera ospatu du Madalen eguna, bere txistuarekin alaitu digu jaia Ramonek eta gaur itsasontzian goazenok faltan botako dugu”, adierazi du.
Portura heltzerakoan, itsasontzi ofizialera igo dira udaleko kideak, eta herritarrekin batera Izarorantza abiatu dira. Izaro irla irudikatuta izan duen teila bota aurretik, urtero egin modura, Bermeoko bandera eta ikurrina jaso dituzte udaleko kideek Izaro uhartean. Ostean, herriko alkate, zinegotzi eta beste ordezkari batzuek Izaroren jabegoa berresten duen akta sinatu dute.
Elantxoben, Jesus Maria Olagibel alkateak herriko makila eman dio Bermeoko alkateari, ordu batzuetarako. Ohi legez, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egin dute.
Aldarrikapen eguna da Madalen Eguna, baina betiere jai giroa galdu barik egiten dute. Hala, beste behin ere, herritarrek eta udal eta erakundeetako ordezkariek bat egin dute. Bermeoko alkatearekin batera, besteren artean, udaleko zinegotziak, Mundakako alkatea, Elantxobeko udal ordezkariak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Itxaso Atutxa EAJko BBB lehendakaria egon dira.
Herrira bueltan, arratsaldean, Mundakan egingo dute ohiko geldialdia. 19:30ak inguruan iritsiko da udalbatza Bermeora, herritarrekin batera festa giroan jarraitzeko asmoz. Aurten, berriro, Goiko Plazan egingo dituzte aurreskuak eta zabaletakoak, banderak igo ostean.