Andel ereduko etxe kooperatibak. Sostre Civic Elkartea

Etxe batetan bizitzeko eredu tradizionalak kinka larrian dauden honetan, beste formula batzutatik saiatzeko unea ere heldu beharko da. Jabetzaren bidea, esan daiteke itxi egin dela etorkizuneko epe ertain baterako, merkatuak horrela agintzen baitu. INE-ek ezagutzera emandako Apirileko datuek diote iaz baino %38,2 hipoteka gutxiago sinatu zirela, hamar hilabeteko beherako joerari jarraituz. Eta Babes Ofizialeko Etxebizitza lortzea ere ezinezko bihurtzen ari da, bankuek eta kutxek iaz baino %55,6 kreditu gutxiago eman baitituzte sektore horretarako. Horrela, zozketetan BOE baten esleipendunen artekoen %40-ak uko egin behar izan diote etxeari, ez dutelako finantzaketarik lortu (Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren datua). Guzti honek, etxebizitza alorreko planak (Etxebizitza Plan Zuzentzailea 2010-2013) betetzeko “zailtasunak” izango dituztela aitortzera eraman du Etxebizitza Sailburua bera ere (Berria 2011/04/14).

Andel eredu honetan, etxe eraikinaren jabea kooperatiba da, eta bazkideek etxe baten erabilpenerako eskubidea dute, eta kooperatiba ezin da banatu eta jabe elkarte batetan bihurtu (hemengo guztietan gertatzen den bezala). Eredu honek, laburbilduta “erabilpenerako kooperatiba” formula juridikoan du ardatza. Beraz, logika aldaketa bat eskatzen du, kooperatiba etxe-eraikina sustatzeko enpresa formula izatetik, etxe multzo baten kudeaketa eredu izatera.

Eredu honen adibide arrakastatsuenak Danimarkan aurkitzen dira. Lehen ekimena 1911 urtean hasi zen eta gaur egun 125.000 etxe daude modu honetan kudeatuta, eta hazkunde nabarmenena azken 25 urtetan eman da (1975 urtean 20.000 etxe baino ez zeuden). Horrela Kopenhage hiriko biztanleriaren 1/3 sistema honen bidezko etxe baten bizi da.

Bazkide bakoitzak sarrera gisa diru kopuru bat jarri behar du (hasierako kapitala), eta etxean bizi den bitartean, hilero alokairu antzeko diru bat eman behar dio kooperatibari (adibidea Kopenhagen: 50 m2 etxe batentzat, hasierako kapitala: 7.000 € /hileroko errenta: 220 €). Bazkideak hasierako kapitala lortzeko kreditua eskatu behar baldin badu, kooperatiba elkartea jartzen da bermatzaile gisa. Eraikina egiteko baldin bada (edo eraberritze obra), kooperatibak eskatzen du kreditua, eta bazkideen artean erantzukizun solidarioa ezartzen da, berme erreal gisa eraikina bera jartzen da. Bazkide batek alde egin nahi badu, jarritako hasierako kapitala bueltatzen zaio, baina etxea kooperatibaren esku geratzen da, beste bazkide berri batek erabiltzeko.

Adibide zuzen bat aipatzearren, agian ABB Arbejdernes-Andel-Boligforening deituriko kooperatiba elkartea dago. 1912 urtean sortu zen, OG sindikatuak sustatuta, eta gaur egun 17.482 etxebizitza kudeatzen ditu. Herri Administrazioekin harreman estua du (eskualde mailako erakundea diren Kommune-kin), eta diru laguntzen truke, eraikitako etxeen %25-a bere esku geratzen da, politika sozialera zuzendutako alokairurako.

Estatu mailan, Katalunia aldean lanean dabilen Sostre Civic elkartea dago. Bertako hainbat udalekin harremanak dituzte, eta jada sustapen batzuk ere atera dituzte aurrera. Legediak etxebizitza kooperatibak aspaldidanik arautzen ditu, eta EAE-ko 4/1993 Legeak bere 114 artikuluan, kooperatiba eraikinaren jabe izatea eta bazkideei erabilpena lagatzea aurreikusten du, beraz alde juridikotik bidea irekita legoke. Gauza da, nola aurre egin egungo finantziazio estutasunei honelako egitasmo bat abian jartzeko. Sostre Civic-ek egiten dituen estimazio ekonomikoen arabera, lurzoruaren eta eraikitze eta sustatze enpresen etekinek, etxe baten azken kostuaren erdia suposatzen dute. Beraz, ezinbestekoa da lurzoruaren jabe den Herri Administrazio baten partehartzea, Andel ereduko kooperatiba bati lurzorua ahalbidetzeko . Hasiera ona litzateke, Udalek, EAE-ko 69 alde zaharretan ondatuta dauden eraiki gabeko orubeetan Lurzoruaren 2/2006 Legeak, 190 artikuluan aurreikusten duen desjabetze ahalmena gauzatu, eta birgaitzea edo berreraikitzea eredu honetako kooperatiba bati lagatzea, azalera eskubidearen formula juridikoa erabiliz, horretarako ezagunak diren kontratu mota sinatuz (egungo BOE asko azalera eskubidearen bitartez daude sustatuta).

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude