Nekazal lurra estrategikoa da…Euskal Hiriarentzat ezik

Euskal Hiria.NET Lurralde Antolamendurako Gidalerroen egitasmoak oso tarte laburra eskeintzen dio nekazal lurren antolamenduari, eta lehen sektoreari orokorrean. Aipamen gutxi batzuk baino ez dira, eta bertan islatzen den ideia-proposamen nagusia eremu honen tertziarizazioa da. Euskal baserri ingurumenaren lehiakortasunaren gakoa, bertako paisaian omen dago, eta horretan oinarritutako jarduera ekonomikoak izango direla etorkizuna bermatuko diotenak. Guzti hau hizkuntza lausora itzulita, turismoa eta neobaserrien negozio inmobiliarioa dira suspertu beharrekoak.

Beraz, etorkizunean EAEko Lurralde Antolamenduak ez du nekazal-abeltzain-basogintza sektore ekomikoa estrategikotzat hartuko. “Hirien sistema” eredu horrek ez du lekurik, ustez gain-balore eskasak ekoizten dituen eta lehiakortasun baxuko jarduera hauentzat. Aurreko artikulu baten egin genuen konparaketa, EAE eta geografia eta etxalde egitura antzekoak dituzten beste bi herrialdeekin: Austria eta Suitza.

Elikadura Burujabetza aspalditik entzuten hasi den aldarrikapen bat da, beti erantsi nahi
izan zaio kutsu politiko-indigenista bat…beste latitude batzutako asuntoak. Baina ikuspegi kamutsa da hori, kontutan izanda ekonomia globalizatuko inbertsio funtsek jada 83 milioi Ha nekazal lur bereganatu dituztela, beraz, alor ekonomiko horretan kontzentrazio estrategiak daude.

EHNE nekazarien sindikatuak egin zuen ikerketa batetan esaten da, EAE elikatzeko produktuen barne hornidura gaur egun ez dela %5-10ra ere heltzen (Suitzan aldiz%60). 2009 urteko nekazal erroldaren arabera (EUSTAT 2011) erabilitako nekazal lurra 190.000 ha-koa baino ez da (78 mila Ha landutako lurra eta 111 mila Ha larre), guztira 16.554 etxalde zeuden. Beraz, EAE-ren “elikadura menpekotasuna” %90ra heltzen dela ikusi genezake.

Erkidegoan, 660.313 Ha geratzen dira hirigune eta azpiegiturek okupatzen dutenaz aparte (EUSTAT 2011). Euretatik 206.794 Ha ingurumen babes edo hobekuntzarako sailkatuta daude(naturguneak, uraren babeserako,etab..), gero harrobiek 1.455 Ha jaten dituzte eta landa biztanleguneak beste 2.951 Ha. Hortaz 449.113 Ha geratzen dira erabilgarri lehen sektorerako.

Enplegu aldetik, 8.510 pertsona ari dira (EUSTAT 2010) lanean nekazal sektore horretan, populazio aktiboaren % 0,91 besterik ez. Europar Batasunean (UE 27) batazbeste % 5,2koa da (EUROSTAT 2010), eta gutxien dutenak (Britaina Handia %1,2 edo Luxenburgo %1,1), horrek ere gure estadistikak hobetzen dituzte.

Argi geratzen da desoreka izugarria dugula nekazal arloan, lurralde estrategia eta enplegu politiken aldetik. Populazio aktiboaren %2ra heltzeko helburuak, 11.000 lanpostu berri sortzeko abagunea eragingo luke. Baina Euskal Hiriak ez omen du horren
beharrik bere “lehiakortasun eta berrikuntzaren ekosistema” hobesteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude